arantxa iraola
ANALISIA

Balkoirako urratsa baino handiagoak

2023ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Hedabideetan titulu handiak lortu zituen joan den astean Jose Antonio Santano Irungo alkateak (Gipuzkoa); berri askotan nabarmendu zen harrera egin ziola, lehen aldiz, hirian jaietako egun seinalatuan irteten den alarde parekideari. PSE-EEko agintariak estreinakoz egin zuen keinua, bai, udalaren lema 2002tik daraman arren, eta urte horietan guztietan andreak onartzen ez dituen alardeari babes argia erakutsi badio ere. Eragile askoren partetik aspaldi eskatua eta bilatua zen argazkia eta, ezin da ukatu, alardeenaren erako auzi luze eta gotortu batean badu garrantzia: aldarri parekideen aurrean jarrera herabea, kontrakoa ere bai usu, izan duten udalbatzako beste hainbat ordezkariren ondoan udaletxeko balkoian udal agintari nagusia alarde parekideari oles egiten agertu izana mugarri bat izan da gatazkaren bilakaeran. Beste bat. Baina ezin da erabili auzian instituzio askok eta talde politiko hainbatek izaniko jarrera zuritzeko.

Hondarribian, irailean izaten da alardea. Han ere, udal ordezkari gorenen partetik baztertua eta gutxietsia izan da beti hautu parekidea, baina alkatetza aldaketa izan da aurten, eta argi iragarri du Igor Enparan alkate izendatu berriak harrera egingo diola aurten festetan Jaizkibel konpainia parekideari, eta, seguruenera, argazki horrek ekarriko duen aldaketari aurrea hartu nahi izan dio Santanok balkoian agertuta; ez du keinu baztertzailean tematuta geratzen zen azken agintaria izan nahi izan. Ondo da. Erosoa, erosoegia, izan da hautu parekideari arbuioa erakustea ordezkari instituzional gehiegirentzat alardeen auzia hasi zenetik, eta pozgarria da ikustea orain ja sentitzen dutela desfile horien kontrako jarrera garbi ezin dutela erakutsi. Bazen garaia. Baina asko dago egiteko, eta argi adierazi behar da hori ere.

Zeren eta Santanok berak, esaterako, aurten bertan jardun du ahaleginak egiten, azpikeriaz, hiriko berdintasun plan berritik hitz bat desagerrarazteko, hitz bat bakarra: alardea. Alarde parekidearen aldekoek desfilearen antolaketa udalak berriz bere gain hartzeko egin dizkioten eskariei ez die jaramon egin: publikoki horiek aintzat hartzeko keinurik ere ez du egin. Eta aurten alardearen aurreko egunetan hainbat emakume gazte entsegu batean parte hartzen saiatu direnean eta kontrako oihuak jaso dituztenean ere, ez du deus esan: isilik geratu da. Eta hirurak dira jokatzeko era gaitzesgarriak udalaren partetik. Oinarriak jartzea baita instituzioen eginkizuna: giza eskubideak defendatzea eta gizarte hobe baten alde jardutea.

Eta horretarako dira, adibidez, berdintasun planak; eta alardearen gaia Irunen plan hori berritzeko egin zen parte hartze prozesu zabalean atera zen, behetik gorako ariketa batean, eta alkateak ezabatu nahi izana salagarria da. Eta udalak alardearen antolaketa berriz bere gain hartzeko urratsak egitea konponbide iraunkor baten ernamuina izan daitekeela, berriz, edonork uler dezakeen zerbait da: ezinbestean parekidea izan beharko bailuke desfile horrek, eta andreak baztertzea bilatzen duten hautuen aurrean desfile hori behar den eran goretsi eta lehenesteko modua ekarriko bailuke. Eta erasoak ezin dira inoiz onartu. Inoiz ere ez. Gutxiesteak ere ez du balio. Eta Irunen zein Hondarribian, egun oraindik gertatzen diren jazarpen keinuei argi eta garbi erantzuteaz haragoko ahalegina ere egiteko dago oraindik, hori ere esan behar da: sustatu beharko da egunen batean hautu parekidea babesten jazarriak izan diren andrazkoen eta gizonezkoen aitortza bat.

Zeren eta udaletxeko batzar aretotik balkoirako urratsa bai, aintzakotzat hartzekoa da: erakustekoa. Baina 1996an lehen aldiz hautu parekidea egin zutenetik guztiontzat izango den plaza baten alde bidea egin duten andre eta gizon guztien urratsak handiagoak izan dira. Zentzu guztietan. Eta traba gehiegiren gainetik egindakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.