Eusko Legebiltzarreko presidente ohia zendu zen atzo, Donostian, 86 urterekin. EAJn militatzen hasi zen Venezuelara erbesteratu zenean, eta, frankismoan, alderdiko buruzagi bilakatu zen.
Gaixorik zegoen aspaldian, eta, azkeneko asteetan bere osasun egoerak okerrera egin ostean, atzo hil zen Joseba Andoni Leizaola, 86 urte zituela. Jesus Maria Leizaola Eusko Jaurlaritzak erbestean izan zuen aurreneko lehendakariaren iloba zen. Gaztetatik EAJko kide izandakoa, Eusko Legebiltzarreko presidente izan zen 1990etik 1998ra artean.
Lanbidez ingeniaria zen, baina gazte-gaztetan murgildu zen politikan, EAJn. Joseba Leizaolak bertatik bertara ezagutu zituen Eusko Legebiltzarraren lehen urratsak, erakundea sortu eta estreinako legealdian bertan aukeratu baitzuten legebiltzarkide. 1980tik 1998ra parlamentuko kide izan zen, eta lehen bost legealdietan karguren bat bete zuen EAEko legebiltzarreko Mahaian. 1990ean Eusko Legebiltzarreko presidente izendatu zuten, Jesus Egigurenen (PSE-EE) partez, eta kargu horretan egin zituen zortzi urte, erretiroa hartu zuen arte—Juan Maria Atutxa alderdikideak ordezkatu zuen Mahaiko presidente postuan—. 1998an utzi zuen politika. 67 urte zituen.
Leizaola 1931ko urtarrilaren 3an jaio zen, Donostian. Txikitatik giro abertzalean hazi zen, eta abertzale sutsua zen. 1937an alemaniarrek Gernika (Bizkaia) bonbardatu zutenean, haren familiak Sotaren Goizeko Izarra itsasontzian ihes egin zuen Ipar Euskal Herrira. Uztaritzen (Lapurdi) bizi izan ziren 1945 arte. Aita, ordea, 1941ean Venezuelara joan zen. Familiak lau urte geroago ihes egin zuen Venezuelara, Frantzia hartzen ari ziren alemanengandik alde eginda. Venezuelan, euskal diasporarekin batera gaztaroa igaro zuen Leizaolak. Eta han hasi zen, halaber, EAJn militatzen, familiaren tradizioari jarraituta. Erbestean bizi izan zen bitartean, Caracasko Euzko Gaztediko lehendakaria eta Euskal Etxeko batzordeko eleduna izan zen.
Euskal Herrira itzuli zenean, Franco hil aurreko eta ondorengo urteetan Gipuzkoan EAJ berregituratzeko ezkutuko lanetan jardun zuen, besteak beste Eli Galdosekin eta Gerardo Bujandarekin batera. Frankismo garaian eta ostean, EAJko buruzagia ere izan zen: 1968tik 1977ra GBB Gipuzko Buru Batzarreko kide izan zen, eta 1977 eta 1978ra, EBB Euzkadi Buru Batzarrekoa.
«Sinesmen sakonak zituen gizona zen», esan du Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak. «Baina, batez ere, pertsona ona zen. 36ko gudarien eta euskal autogobernu berriaren arteko lotura egin duten belaunaldiko kidea izan da. Betidanik eutsi dio bere herriarekiko konpromisoari».
Iñigo Urkullu EBBko buru ohi eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere gogoan izan du Leizaola: «Gizon zuhurra eta argia. Erreferentea izan da gutako askorentzat. Sinesmen humanista sendoak zituen pertsona izan zen. Euskadira itzultzean elkarrizketa eta elkarren arteko ulermena aldarrikatu zituen. Orainaren eta geroaren alde egin zuen».
HILBERRIA. Joseba Leizaola
Bizitza osoa EAJri eskainita

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu