Iñaki Artola.
19. Korrika. PAPEREZKO LEKUKOA

«Cien colorado»

2015eko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Bainan zer da boza hau?

Zer erantzuten dut nik?

Deiadar bat bezala

heldu urrundanik,

gure gazteriari

pilotak erranik:

ez nezazula berex

euskararen ganik!

(Xalbador)

Uztaileko egun beroa Ávilan. Frontoia leporaino betea, laurehun lagun inguru, denak gazteleraz. Partida 21na, baina jendea gehiagorako gogoz. Halako batean, honela esan dit beste aurrelariak, euskaraz: «Hogeita bostera egingo al diagu?».

Txapelketako partida Gasteizen. Aldageletan aldarte umoretsua partidaren aurretik. Zortzi pilotaritatik bost euskaldunak. Hirugarren txistetik aurrera, denak erdaraz ari gara.

Giro ederra Amezketako Larrunarri frontoian. Hirurehun herritar partidari begira, denak euskaldunak. Lehen sakea ateratzera abiatu naiz, eta artekari bati entzun diot: «¡Cien colorado!».

Asteazken arratsaldea Ikaztegietan. Kadete mailako pilotariak, entrenamendua bukatuta takoak kentzen. Mugikorra atera du batek aldizkari digitalean niri egindako elkarrizketa irakurtzeko: «Iñaki Artola. Carácter ganador».

Orain berrogei urte idatzitako bertsoa da Xalbadorrena. Deiadarka ari omen zaigu pilota euskararengandik ez bereizteko. Bertsoei bakarrik begiratuta, eta gehiegi sinplifikatuz ari naizen arren, haren iritziz euskaldunona zen pilota mundua, euskaldunok jokatua eta euskaldunok gozatua. Badakigu, ordea, eremu euskaldun nahiz erdaldunetan egiten dela pilotan, eta bakoitzak bere erara eta bere hizkuntzan bizi behar du. Horretantxe dauzkagu lanak euskaldunok: Ávilan euskaraz egiteko gai gara, baina baita Amezketan erdaraz ere. Badugu zertaz harrotu, eta zertaz lotsatu ere bai. Aldageletatik hasi beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.