Aitor Renteria.
Baionako Bake Foroa. Analisia

Dantzarien urratsak

2012ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Dantzarien trebezia baliatu dute Ipar Euskal Herriko alderdietako ordezkariek dokumentu bateratua plazaratzeko. Bake prozesuan aitzina egitea da helburua, Pariseko alderdietako buruzagitzek ezar dezaketen trabak ekiditeko. Alderdien mahaiari eragile politikoen mahaia deitu diote. Izenaren gainetik, itxuraren gainetik, prozesuan aitzina egitea lehenetsiz. Formetan nola egin deliberatu dute. Elkarrekin. Herri Elkargoarekin egin zuten bezala. Alta, eskari harek ezetz borobila jaso zuen Frantziako Barne ministroaren partetik. ETAren desagertzearekin lotu zuen Ipar Euskal Herriko egituratze politikoa.

Aieteko Adierazpenak gogoak aldatu ditu Iparraldean. Lehengo susmoak eta ezinak baztertu, eta adostutako gutxiengoetan oinarritzen dira aitzinera egiteko. Gatazkarengatik etxea utzi dutenak aipatzen dituzte dokumentuan, iheslariak aipatzeko. Baina aipamena hor da, batzuek baliatzen zuten «terrorista» hitza baztertuz.

Testuinguruak giroa aldatu du. Tokiko hautetsiek, koloreak kolore, ezin berezi diren elementu gisa aipatzen dituzte bake prozesua, presoen egoera, aitortza instituzionala, salbuespen legedien desagerpena. Menturaz, gatazkaren parterik gordinena abertzaleek pairatu dutelako Ipar Euskal Herrian, gerla zikinaren ondorioz. Ezker abertzalearen alde bateko urratsaren balioa ez du nehork zalantzan ezartzen. Oinarria bake prozesua elkarrekin eraikitzen segitzeko. Elkarrizketa Euskal Herri osoan eratzeko beharra azpimarratzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.