Iñaki Martinez de Luna.
Euskararen bilakaera soziolinguistikoa (eta VI). Euskal Herria. IRITZIA

Datuetatik harago, zer?

2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
VI. Inkesta Soziolinguistikoaren nahiz VII. Euskal Herriko Kale Neurketaren eskutik euskararen erabileraren gaineko datu berriak ditugu.

Bi ikerlerro horiek hizkuntza-egoera ezberdinak dituzte aztergai, eta, hortaz, erabilera mota diferenteak ematen dizkigute. Izan ere, hiztun gehienok mota bateko edo besteko hizkuntza-hautua egiten dugu unean uneko eta lekuan lekuko egoeraren arabera: etxean, kalean, lagunartean, eta abarretan.

Esandako inkestak etxeko, lagunarteko, laneko, dendetako, bankuetako, osasun eta udal zerbitzuetako erabilerez galdetzen du; ez kalekoaz. Egoera horietan guztietan euskararen erabilera trinkoa (euskaraz erdaraz baino gehiago eta euskaraz erdaraz beste elkartuta) hazi da 2011tik 2016ra bitartean: %16,1etik %16,5era. Hobari apala, baina norabide egokian goazen seinale. Datu horietan metatzen dira EAE, Nafarroa eta Iparraldeko emaitzak; alegia, hizkuntza-egoera zein -bilakaera oso eremu ezberdinak dituztenekoak. Horrela, EAEn euskararen erabilera trinkoa %20koa zen 2011n eta %20,5ekoa 2016an; Nafarroan, %5,5 eta %6,6 esandako urte horietan; eta Iparraldean, %9,6 eta %8,1. Hortaz, datu positiboak EAEn eta, batez ere, Nafarroan, eta negatiboak bakarrik Iparraldean. Datu metatu horien atzean errealitate ezberdinak ezkutatzen dira, gehienak —ez guztiak— positiboak azken 25 urtean: «Oro har euskarak erabilera-eremu guztietan egin du gora: etxean (kide batzuekin igo eta beste batzuekin mantendu edo apur bat jaitsi), lankideekin, lagunekin eta eremu formalean». Hala ere, eremu soziolinguistiko euskaldunenetan jaitsiera gertatu da, azken urteotan.

Kale Neurketak eremu publiko horretan —gure karriketan— jartzen du arreta edo, zehatzago, belarria. Ikerketa horrek Bizkaian eta Gipuzkoan azken neurketetan gertatu diren euskararen erabileraren beherakadez ohartarazten gaitu; baita Iparraldeko etenik gabeko gainbeheraz ere. Horren eraginez, Euskal Herriko datu orokorretan galera antzematen da: 2006ko %13,7tik 2016ko %12,6ra. Bestalde, inkestak erakutsi duen eremu soziolinguistiko euskaldunenetako erabileraren beherakada kalean ere errepikatu da. Uste zitekeenaren kontra, gazte eta haurren erabileraren atzerakada ere agertu da.

Hala ere, kale erabilerak baditu datu itxaropentsuak ere, Araban, eta batez ere Nafarroan, erabilerak gora egin baitu azken bost urtean. Eta Iparraldeko datu ezkorren artean, bat oso positiboa: haurren erabileran, 1997-2016 bitartean lehenengo aldiz, gertatu den igoera.

Hortaz, Kale Neurketak Inkestak baino joera ilunagoa erakusten digu, eta ulergarria da. Izan ere, kalean gabiltzanok ez gara inkestak aztergai dituen biztanleria-zentsuko kideak bakarrik. Eremu publiko horretan turista ugari dabil azken boladan, gehienak Estatukoak. Bestalde, etorkin berrien artean pisu handia dute hegoamerikarrek. Bi kasu horiek gaztelaniaren mesedetan dihardute. Gainera, turistak izan edo etorkinak izan, bi kolektibo horietako kideek, kaletik doazenean ere, harreman trinkoak izaten dituzte beren artean. Euskaldunok, aldiz, erdaldunekin nahasita ibiltzen gara, sarri askotan. Hortaz, haiek beren hizkuntzan jardun dezakete, baina euskaldunok, ez.

Hala ere, kaleko neurketak erakusten duen haurren eta gazteen atzerakada ez da azalpen horiekin ulertzen. Bada horren oinarrian kezkagarria den beste zerbait. Izango da, agian, ingelesaren erakargarritasuna eta teknologia berrien eragina? Eta, bestalde, euskararako arnasgune diren herrietako atzerakada, hirietatik herrietara doan barne migrazioarekin zein kanpoko immigrazioarekin azalduko litzateke?

Aukeran, azken balantzea nahi baino ilunagoa da eta erantzunik gabeko galderez josia. Izan, euskara biziberritzeko bidea uste baino luzeagoa da; nahi baino korapilatsuagoa. Ahaleginetan jarraitu beharko dugu, Txerra Rodriguezek idatzi duen bezala: «...iraganetik eta orainetik ikasten etorkizun hobea marrazteko denon artean...».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.