Arnaldo Otegi.
Rafa Diez aske. IRITZIA

Denbora gehiegi Rafaren besarkadaren zain

2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Uruguaira egin nuen bidaian aukera izan nuen gizarte justuagoak, libreagoak, berdinagoak eta batez ere zoriontsuagoak eraikitzeko asmoa duen ezker oso humano eta humanistarekin egoteko. Euskal Herriko ezker subiranistako familia handia osatzen dugun askorekin harreman handia daukan tupamaro mugimenduak irakatsi zigun, kide militanteen arteko harremanez gainera, beharrezkoa zela gure giza harremanak sakontzea (hauek ere politikoak dira, nola ez).

Euskal politikagintzan, zoritxarrez, ez gaude ohituta gure sentimenduak erakustera. Gure oinordetza kultural pisutsuak esaten digu horrelako gauzak intimitaterako eta arlo pribaturako zokoratu behar direla. Baina intimitatearen eta pribatutasunaren esparrua herriak eta gizarteak eraikitzeko parte dira; hain justu, harreman humano sakonak eta estuak izan behar dira kapitalismorik basatienak inposatutako harremanak ordezkatuko dituztenak.

Horregatik, Rafa lagunaz hitz egin nahi dut gaur. Miresten dut Rafa, estimu handia diot eta maite dut. Haren balio politikoa ez du inork zalantzan jartzen, baina ezker abertzalean estimu handia diogu horrez guztiaz gainera balio pertsonal eta humano izugarria erakutsi digulako beti.

Horregatik guztiagatik, atzo SantoƱara joan nintzen (herri honen historian erreferentea den espetxea da, gure herriko antifaxista eta abertzale asko izan delako bertan, nire familiako kideren bat ere bai). Nire kide eta lagunari besarkada bat ematera joan nintzen SantoƱara. Horma barrenetako bizitzatik berreskuratuko duen familiaren poza partekatzera joan nintzen. Bere askatasuna berreskuratu duelako neurrigabeko poza sentitzen dudala erakustera joan nintzen (nahiz eta jakitun izan askatasun hori Espainiako Koroak gainbegiratzen duela eta behin-behinekoa izan daitekeela).

Eta nirekin izan ziren, besteak beste, Arkaitz, Miren eta Sonia. Eta elkar besarkatu genuen, urte luzeetan hori egin ezinik egon ostean, bakearen etsaiek egun batean erabaki zutelako Herri honentzat eszenatoki berri eta ilusio eragile bati atea itxi behar zitzaiola. Espetxe horretako hormak gure pozaren, konpromisoaren eta adiskidetasunaren lekuko izango dira. Familiari erakusten diogun babesaren lekuko izan ziren. Eta gure atxiloketekin moztu nahi izan zuten gure apustua helmugaraino eramateko gure konpromisoa inoiz baino biziago dagoelako lekuko izan ziren. Rafarekin estatuak beste bahitu bat galdu du, eta independentismoak onenean dagoen balio handi bat berreskuratu du. Eta horrela jarraituko dugu, lanean, estatuak bahitu bat bera ez dezan izan eta Euskal Errepublikaren eraikuntzarako balioak berreskuratzen.

Ongi etorri, Rafa. Maite zaitut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.