Maider Galardi
Udal eta foru hauteskundeak. ANALISIA

EH Bildu, marka homologatua

2023ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Ez da albiste berria EH Bilduk udaletan emaitza onak edukitzea, baina atzo gauean izandako erakustaldia ikusi gabea zen orain arte. Kudeaketa eredu desberdinen talkan oinarritutako diskurtsoek eta indar subiranistaren aldeko sentsibilitatea adierazi duten ezkerreko zenbait pertsonalitateren adierazpenek beren fruituak eman dituzte. Baina ez horrek bakarrik. Tartean da EAJren jaitsiera orokorra, Elkarrekin Podemosen markapean aurkeztutako zerrenden beherakada eta EH Bilduren izen propioek —Rocio Viterok Gasteizen, Joseba Asironek Iruñean— erakarpenerako duten gaitasuna. Horrek ere, ordea, ez luke bere horretan esplikatuko indar subiranistaren goranzko joera, ez bada azken urteetan apurka-apurka taula politikoaren erdigunean kokatuz joan dela talde abertzalea. Eta horrek halabeharrez eskatzen du joko arauak ongi ezagutzea, eta areago, nolabait bere egitea. Alegia, homologatu egin dela EH Bildu gobernabidearen hegemoniarako lehian.

Legeztatu berri, 2011n udal askotako agintean izan zen taldea, baita Donostiako eta Iruñeko gobernuburu ere, eta erabakigarri izan zen Nafarroako Parlamentuko aldaketaren laukorako. Kudeaketan berri izateak, baina, ondorioa ekarri zuen 2015eko hauteskundeetan, irabazitako eremu horren parte bat galduta. Bi hauteskunde ziklotan eremu horiek berreskuratzeko borrokan egon eta gero, eta mantendutako udalerrietan kudeaketa eredu berriak martxan jarri ondoren—eta 2019an gobernatzeko akordio berriak lortu eta gero—, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak mintzaldira ekarri zuen, berriro, hitz izarra: kudeaketa. Bada bai, badirudi herritarrek indar subiranista instituzioak gobernatzeko aukera posible gisa irudikatzen dutela orain.

Izan daiteke Madrilen gakoa izan delako, jakin duelako errentagarritasuna ateratzen Unidas Podemosekin eta PSOErekin egindako akordioei. Izan daiteke hainbat udalerritan martxan jarritako egitasmo askok zeresana eman dutelako herri horietako mugetatik kanpo ere —dela zaintza arloan, dela tokiko merkataritzan—, edo nork daki, estilista bat kontratatua dutelako edota zerrendetan txukunketa egitea deliberatu dutelako kanpainan.

Kontua da horretaz jabetua dela EAJ, eta hala bideratu duela kanpaina, 2015eko mamuetara itzulika kudeatzaile txarren itzala luzatu nahian. Horretaz jabetu dela ultraeskuina ere, hala Madrilen nola Nafarroan zerrenden kalapitari azken egunera arte zukua aterata. Eta baita PSE ere atez atekoaren «txintxilikarioen» argumentua erabilita Gipuzkoan. Den-denak argudio berari itzulika, finean: EH Bildu ezin dela kudeatzaile ona izan. Edo legitimoa. Edo morala.

Eta indar subiranistak analisi hori aurrez egina zuela dirudienez, baztertu ditu aldarri muturrekoenak, bilatu hautagai-kudeatzaile profilak, jantzi jaka zuriak, itzali suak, neurrira ekarri diskurtsoak. Eta horren emaitzak agerikoak dira, BERRIAko lehen orrietan azaldu direnez.

Atzo gauekoa «ziklo aldaketa baten hasiera» dela diote subiranistek. Ikusteko dago honek zein oihartzun izango duen datozen hauteskundeetan —dela Espainiakoetan urte amaieran, dela Eusko Legebiltzarrean datorren urtean—, argi geratu baita hegemoniaren jokoa udaleko boz hauetan jokatzen ari zirela hurrengo partida beste zelai horietan zela jakinda.

Baina aldaketarik ez da aritmetikak ematen ez badu, eta oraingoz, Nafarroako Parlamentutik abiatuta Errenteriaraino, diplomatikoaren jaka jantzi beharko du EH Bilduk eskala handian ere gaur egun kudeaketa eredu diferenteak martxan jartzeko gai dela erakusteko. Tartean dira Gasteiz, Iruñea eta Durango ere, Espainiako eskuinaren botoari begira, batetik, eta jatorrizko ezkerreko posiziotik akordiorako gaitasunak eta gogoak noraino luzatu —edo mugatu— ditzakeen neurtuz EH Bildu, bestetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.