Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Elementu kimikoak

2016ko uztailaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela gutxi IUPAC-ek, kimikariek erabiltzen dugun nomenklaturaz arduratzen den nazioarteko elkarteak, onartu ditu beste lau elementu kimiko. Oso elementu pisutsuak, 113, 115, 117 eta 118 zenbakidunak. Eta zer esan nahi du horrek? Badakigu materia partikula positiboz (protoiak), negatiboz (elektroiak) eta neutroz (neutroiak) osatuta dagoela. (Badira gehiago, baina hauek oinarrizkoenak dira). Elementu bakoitzeko atomoek protoi, elektroi eta neutroi kopuru ezberdina dute. Elementu batek duen protoi kopuruak zehazten du zer elementu den. Beraz, aste honetan onartu diren elementu berriek orain arte ezagutzen zirenen protoi kopuru ezberdina dute. Batek pentsa dezake nola litekeen 2016an oraino ezagutu gabeko elementu berri bat azaltzea. Non egon da orain arte ezkutatuta? Azkenengo urteetan apurka ezagutzen ari garen elementu berri horiek ez dira berez existitzen, gehienetan erreakzio baten ondorioz lortutakoak dira. Elementu erradioaktibo batek erreakzio nuklear bat jasaten du, eta, horregatik, protoi kopuru ezberdina izango duen elementu berri bat sortuko da. Eta zein da elementu horren bizi-iraupena? Oso laburra; ez dira elementu egonkorrak, eta berehala, segundo gutxiren buruan beste erreakzio nuklear bat jasan eta elementu egonkor bihurtuko dira. Bakandutako elementu berriek dagoeneko badute bere lekua taula periodikoan, kimikariek erabiltzen dugun taula ospetsuan. Taula horretan modu ordenatuan kimikariek kalkuluak egiteko behar ditugun hainbat datu agertzen dira, eta zergatik esaten zaio periodikoa? Elementuak protoi kopuruaren arabera ordenatzen dira, eta ilara bat osatutakoan, hurrengo ilaran jartzen dira eta lerro bertikal berdinean egokitzen direnak antzekotasun handia daukate; horregatik izen hori, elementuen propietate asko erregularki errepikatzen baitira, periodikoki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.