Horixe nahi dute ESAkoek: jende arrunta, alegia, astronomian interes berezirik ez duena, Rosetta misioarekin emozionatzea. Izan ere, zenbat eta arreta handiagoa erakarri, orduan eta errazagoa izango zaio hurrengo misioetarako behar duen dirua biltzea. Horregatik, aukera guztiak baliatzen dituzte gure bihotzak hunkitzeko. Adibidez, aste honetan itxi dute J puntua izendatzeko proposamenak bidaltzeko epea, eta azaroaren 3an jakinaraziko dute zein den irabazlea. Aukeratuak misioaren une zirraragarrienetako bat bizi ahal izango du: ESAren Operazio Zentrora gonbidatuko dute, Philae ibilgailuaren kometaratzea zuzenean jarraitzeko azaroaren 12an.
Jakina, zaila da hunkitzea, lehiaketan parte hartu nahi izatea eta saria zirraragarria iruditzea, Rosetta, J puntua eta Philae zer diren jakin gabe. Horregatik, misioa abiatu baino lehenagotik hasi zen ESA kanpaina egiten. Hasieratik kontatu digute kometa bat bertatik bertara ezagutzea dela helburua, eta, horretarako, 10 urteko bidea egin behar izan duela Rosetta espazio-ontziak. Orain, kometaren ondoan da Rosetta, eta azterketa zientifikoak egingo dituen Philae ibilgailua J puntuan utzi ondoren, kometari jarraituko dio, Eguzkiaren albotik igaro arte. Hor amaituko da misioa.
Kontakizun epikoa da, eta ESAko komunikazio bulegokoek ederki kontatu digute. Hala ere, ni gehien hunkitu nauena ez da izan haiek kontatutakoa, ezta lehiaketa ere, baizik eta misioan ingeniari dabilen Ander Martinez de Albenizen lekukotza. Hain zuzen, hauxe esan zidan hurrengo Elhuyar aldizkarirako eginiko elkarrizketan: «Rosetta berezia da; espaziora leiho bat izatea bezala da». Geroztik hor naukazue, Rosettaren webgunera kateatuta, ea zer moduz dabilen jakin nahian...

ARGI ALDIAN
Elhuyar Zientzia Rosettarekin emozionatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu