Arkaitz Zarraga Azumendi.
SERIEA. EUSKARALDIAREN OSTEKOA (IV)

Eredugarria, baina ez nahikoa

2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Euskaraldia hizkuntza gutxitu baten alde sekula egin den ariketa partehartzaileenetakoa izan da. Soziologiaren arloan ere ez dakit hainbeste jende hainbeste egunez horrelako ikerketa baten parte izan den inoiz bere borondatez. Benetan harro egoteko modukoa. Gainera, jarduera honetan euskalgintza sozialak eta herri-erakunde gehienek parte hartu dute. Bakoitzak bere egitekoa du jendarte honetan, baina oraingo honetan, elkarren osagarri izateko ahalegina egin dute. Elkarlan horren inguruko hausnarketa ere egin ahal izango dugu, beharbada.

Munduko beste hizkuntza gutxitu batzuetako kide batzuek Euskaraldia bertatik bertara bizitzeko aukera izan dute eta, gure beste ekimen askorekin gertatzen zaien bezala, zeharo harrituta geratu dira. Pozik joan dira euren herrietara eta, hemen ezagututako beste ekimen askorekin batera, Euskaraldia zer den ere azalduko dute euren komunitateetan. Euskaldunok trebeak gara ekimen ausartak eta handiak bultzatzen, eta hori ere transmititu nahi diegu gurera datozenei, ausart jokatu beharra dagoela, alegia. Baina, Garabideren Adituan ibili garenok, argi ikusten dugu geuk ere asko dugula ikasteko beste herri batzuengandik. Herri ahizpek asko dute guri erakusteko, baina, batez ere, ispilu bat jartzen digute aurrean, eta gure hutsune eta gabeziak ikusarazi.

Sarritan errealitateak berak ere erakusten digu gabeziak non ditugun. Argi erakutsi ere ikusi nahi dituenarentzat. Eta esango nuke gurean gabeziarik handienak ez direla alderdi psikosozialari lotutakoak, nahiz eta horri ere etengabe eragiten jarraitu behar dugun. Motibazioa, jarrerak eta ohiturak euskara normalizatzeko ezinbesteko aldagaiak izanik ere, ez dira nahikoak. Plangintza osoaren zati bat baino ez dira. Badira hizkuntza baten erabileran eragiten duten beste hainbat faktore: gaitasuna, araudiak, input mediatikoa, kontsumo eskaintza...

Euskaraldiak ere erakutsi dizkigu beharrizan horietako batzuk. Nik hiru aipatu nahi nituzke une honetan: euskaltegiak, ikus-entzunezkoak eta administrazioa.

Euskaltegiek belarriprestak eta ahobiziak sortzeko ardura dute. Baina, gure lagun indigenak ere konturatu direnez, azterketetara bideratuegi daude; sarritan garestiak dira; herri, auzo eta kaleetan, presentzia urria dute... Badakigu hori bertan lan egiten dugunok, eta badakigu beste zailtasun asko ere baditugula. Belarriak eta ahoak elikatzeko, ahozkotasuna landu beharra agerian geratzen da, baina sarritan idatzian oinarrituta irakasten dugu, idazlanak azterketetan duen pisuak behartuta. Ahozkorako saltoa eman behar dugu, baina, horretarako, hausnarketa, baliabideak eta prestakuntza behar dira.

Euskaraldi honetan, hizkuntza-ohiturak kalean neurtu ditugu. Baina, nola egin dira enpresetako batzarrak? Kiroldegietako ikastaroak? Txosten teknikoak?... Euskaltegiok, plangintzetan txertatuta, aukera handiak ditugu esparru oso ezberdinetan aritzeko; trebakuntzaren bidez, gaitasunean, jarreretan eta ohituretan eragiteko. Baina, horretarako, egokitzapen sakona beharko dugu.

Datozen Euskaraldiak arrakastatsuak izan daitezen, euskaltegiak motor garrantzitsua izan beharko dira. Gaur egun beharrizan eta errealitate berriei egokitu gabeko baliabidea gara, garai bateko giro nahasi eta erabaki ezegokien gatibu zentzu askotan, eta inertzia askorekin ezin apurtuta gabiltza. Hala ere, bizirik dagoen sektorea da gurea, prestigiatu eta ondo baliatu beharreko ezinbesteko tresna.

Input mediatikoari dagokionez, faltan dugu ikus-entzunezko input zabal eta erakargarria. Belarriak prest eta ahoa bizi dituenak ereduak behar ditu. Gaur egun, oraindik ere esan dezakegu ETBren hizkuntz politika eta baliabideen banaketa ez dagoela euskararen biziberritzean pentsatzen, bestelako euskarazko telebistak larri dabiltza jendaurrera indartsu azaltzeko, zinemetako eskaintza oso urria da, euskal sortzaileek zailtasun handiak dituzte euskaraz sortutako produkzioetatik bizitzeko... Sektore estrategikoa da, zalantzarik gabe. Belarriprestek eta ahobiziek ezinbesteko dituzten tresnak dira eta, beraz, bultzatu beharreko tresnak.

Administrazioei, neurri handi batean, aurreko tresna horien eta beste askoren kudeaketa egoki eta eraginkorra egitea dagokie, baina, batez ere, hizkuntza-eskubideak bermatzea. Euskaraz bizi nahi duten herritarrak horretara bultzatu eta babestu behar dituzte. Ondo jasota dago hori hainbat arau eta dokumentutan, baina paperak agintzen duena, sarritan, urrun egoten da eguneroko praktiketatik. Administrazioak ezin dira belarriprestak izan. Gehienak ahobizi izan behar dira euren plangintzen arabera; hau da, lehen hitza euskaraz egin behar dute. Baina, batez ere, euskarazko harremana nahi duten herritarrekin, ahoz zein idatziz, euskaraz aritu behar dira instituzio publikoak. Baina... niri neuri mozal legea aplikatu didate, eta 900 euro eskatu euskarazko harreman hori exijitzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.