UPNren X. Kongresua. IRITZIA

Errekonkista operazioa

2016ko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Moral kontuetan kontserbadore, ekonomian liberal eta arlo sozialean aurrerakoi». Horrela definitu zuen UPN bere sortzaile Jesus Aizpun zenak. Lehenbiziko bi adjektiboez den bezainbatean adostasuna ez da zaila. Hirugarrenak irribarre burlatia pitzarazi dio, beharbada, bati baino gehiagori. Egia egiari zor, gizarte premiei eman dien arreta dugu alderdi nabarristaren gaurdainoko arrakastaren iturrietariko bat. Garai oparoetan, atal potzoloak jartzen zituen, horretarako, Foru Komunitateko aurrekontuetan. Ezurteak etorri zirenean, ordea, kontu-sail horiek izan ziren lehenak erortzen.

Abertzaleok mamutzar atzerakoiaren karikatura marraztu dugu UPNz mintzatzean. Egiaren erdia baizik ez da hori. EAJ, konparaziorako, Elizaren moralaren uztarpetik askeago ibiliagatik ere, hain urruti ere ez dago Sanzen eta Barcinaren alderditik. Bertze batzuek aho azpiz ziotena Juan Cruz Allik aho-bilorik gabe deklaratu zuen, lehendakaria zelarik: «UPN Nafarroako EAJ da». Larrutik ordaindu zituen gisa horretako adierazpenak.

Etsai historikoarekin nahi baino antzekotasun handiagoa dute nafar foralistek. Ez da bakarrik munduari eusten dioten zutabeei buruzko ikuspegia. Boterearekiko loturan ere pareko dira biak. 1979tik hona, EAJk 34 urte egin ditu agintean EAEn. Hainbertzera gabe, UPNk Nafarroako gobernu burutzan eman dituen 24 urteak ere ez dira txori-kaka. Bi erkidegoetako bakoitzean berdintsua da bataren eta bertzearen errotze maila ere. EAJ EAEn bezala, UPN Foru Komunitateko azken zokoetaraino ailegatzen da. Datu bat, eredutako: abertzaleek Erriberan ez dituzten zinegotziak ditu UPNk Mendialdean.Haren presentzia sozialaren mapa joria itxuratzen dute, bertzalde, ehunka elkarte, entitate eta kidegok.

Nola harritu UPNk joan den maiatzetik bizi duen traumaz. Apirileko euria bezain berezko zitzaien alkate-makila beren eskutan egotea. UPNkoei ez ezik, baita UPN pairatu dugunoi ere. Gu oraindik arraro sentitzen bagara nabarristak nonahi buru ikusten ez ditugunean, atera kontuak zer den beraientzat. Aberrantea. Antinaturala. Bidegabea. Sumin horrek hauspotzen du Barkosen gobernuari egiten ari zaizkion oposizio bortitz eta zalapartaria.

Nafarroa beraiek baizik ez zirela sinestera etorriak ziren. EAJk ez bezala, UPNk ez baitu inoiz zentralitatea bilatu. Bertzelako nafarren bazterkeria sistematikoan oinarritu du bere eredua. PSNren morrontzak egoera hori betikotuko zuela iduri zuen. Faktore multzo batek —ETAren itzaltzeak, ustelkeriak, gizartearen nekeak eta batez ere krisi ekonomikoak— zapartarazi zuen dena iazko maiatzean.

Orain, urak beren ohiko bidera eramateko lanean ari dira UPNko buruak. Asteburuko kongresua «errekonkista operazioaren» abiaburua izatea nahi luke Javier Esparzak. Antidepresiboekin dabilen jendea adoretu, eta garaipenera eramateko lehen urratsa. Ikusteko dago zein den horretarako hautatzen duen bidea: zentralitatearen bilaketa edo haginkada sistematikoa. Bitartean, isilpean, EAJz oroituko dira, zeruari erreguka, Patxi Lopez EAEn izan zena izan dadin Uxue Barkos Nafarroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.