Batzordeko presidentea, egunkaria irakurtzen. Hainbat parlamentari, sakelakoari so. Atera eta sartu ari dira bertze zenbait. Azken hitza errateko aukera izan duenean, ez du zalantzarik egin Esa + Ez plataformako kide Iker Aramendiak, eta parlamentari horien «jarrera arina» salatu du. «Gu bizi garen tokian biziko bazinate...». Zangozan (Nafarroa) bizi da Aramendia, Esako urtegia handitzeko lanek baldintzatuta, neurri handi batean. Horregatik hartu du hitza parlamentuan. Bere eta bertze herritar anitzen kezka agertzeko. Horregatik, kezka horren aurrean hainbat parlamentarik izan duten jarrerak zur eta lur utzi du. Eskas aritu baitira.
Haien diskurtsoetan ere, «jarrera arin» horri eutsi diote parlamentuko batzordeko hainbat kidek. PPNko Eloy Villanuevak txantxak ere egin ditu, lasai aski, Itoizko eta Esako urtegien segurtasunaren inguruan. UPNko Marivi Castilloren azalpenek ere harridura sortu dute agerraldian parte hartu duten herritarren artean. «Natura ezin dugu kontrolatu. Edozein kalkuluk huts egin dezake», erran du. Deigarriena da hitz horien bidez Antonio Casasi aurre egin nahi izan diola parlamentari erregionalistak, geologoak urtegian dauden segurtasun arazoak nabarmendu baititu.
Ez da izan Casasen datuak zalantzan jarri dituen bakarra. «Ez dut zertan zure lana zalantzan jarri; ezta kontrakoa dioten adituena ere», erran dio Villanuevak geologoari. 2008an Espainiako Geologoen Elkargoak egindako txostenaz ari da, zehazki. PSNko Maite Esporrinek ere fidagarritzat jo du Esako urtegia handitzeko lanen alde egiten duen lan hori. Esan deus gertatu izan ez balitz, errazagoa izanen litzateke UPNko, PPNko eta PSNko parlamentarien diskurtsoa ontzat jotzea. Baina Esan lurra mugitu da. Ez behin edo bitan, baizik eta hainbat aldiz. Eta lurra mugitu den bakoitzean, lurrak berak arrazoia eman dio Casasi, eta kendu egin die Esan deus gertatzen ez dela erran eta berretsi dutenei. Itoitzen ere gertatu zen. Lurrikarek urtegiarekin zer ikustekorik izan zutela ukatu zuten lehendabizi; Agoitzen entzuten ziren soinuak hegazkinek eragiten zituztela erran zuten. Azkenean, urtegiaren kontrakoek behin eta berriz errandakoa onartu behar izan zuten.
Hala ere, dena ongi dela errepikatzen jarraitzen dute. Ez dela deus gertatuko. Inork ez du halakorik nahi. Baina jokoan jendearen bizitza dagoenean, esparru batean eta bertzean herritarren konfiantza merezi ez dutela erakutsi duten agintarien hitza baino zerbait gehiago behar da. Horixe eskatzen dute Zangozako herritarrek. Esaren mehatxua dute ondoan; Itoizkoa ere bai. Mehatxua egia bilakatzeko aukerarik bada, arretaz jokatu beharko lukete agintari horiek. Alderdi baten edo bertzearen interesak bazter utzi, eta herritarren segurtasunari lehentasuna eman.

Analisia
Eskas aritu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu