Atzo goizean hil zen Rafa Albisu Ezenarro, ETAren sortzaileetakoa, azken hilabeteak gaixorik pasa ondoren. 1931n jaio zen Albisu, Donostian; hain zuzen, bete berri zituen 81 urte.
1952an Ekin taldea sortu zuten ikasleen artean egon zen, besteak beste, Iñaki Gaintzarain, Julen Madariaga, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi, Iñaki Illarramendi,Manu Agirre eta Jose Maria Benito del Vallerekin batera. Gehienbat, Euskal Herriari buruzko historia, kultura eta politika ikasketan jardun zuten, baita Europatik zetozen ideia berriak aztertzen eta giro abertzalea bultzatzen ere. EAJrekiko harremanak gaiztotu ostean, ETA erakundea sortu zuten, 1958an.
1961eko uztailaren 18an—Francoren altxamenduaren 25. urteurrena zen—, ETAk lehenengoetako ekintza egin zuen Donostian, soldadu frankistaz beterik zihoan tren baten aurka. Ekintza haren ondoren, ehundik gora militante atxilotu zituzten polizia frankistek; tartean, Albisu bera. Torturatu egin zuten atxiloketa aldian —Meliton Manzanasek berak—, eta espetxera bidali zuten beste hainbat kiderekin batera. Ondoren, ETAko kideen aurkako lehen Gerra Kontseilua egin zuen frankismoak, besteak beste, Albisuren eta Illarramendiren aurka —Ekinen sorreran harekin aritu zen—. Hogei urtera zigortu zuten, eta, besteak beste, Madrilgo eta Soriako (Espainia) espetxeetan izan zuten preso. Aurten hil da ETAren beste sortzaileetako bat ere: urtarrilaren 14an zendu zen Txillardegi.
Lau seme alaba eta emaztea utzi ditu Albisuk; haien artean, Mikel Albisu Mikel Antza euskal presoa —Frantzian dute preso 2004an atxilotu zutenetik, eta hogei urtera zigortu zuten 2010eko abenduan. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzakide taldekoa da—.
Donostiako Errekalde auzoko beilategian egongo da gaur haren gorpua. ph. IRURETAGOIENA
Hilberria. Rafa Albisu Ezenarro
ETAren sortzaileetakoa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu