Aitziber Sarobe Egiguren.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. IRITZIA

Euskal Herrian bizi minez

2016ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ingurumena, eta, bereziki, natur kontserbazioa ez dira gure politikarien ahotan gehien entzuten diren gaiak. Baldin eta liskarrerako ez bada. Boladaka, ekimen edota proiektu txikitzaile batez edo besteaz gogaitu arte arituko zaizkigu, eztabaida arrazoituak sustatu ordez, euren interesen aldeko propaganda eginaz (guztion ondaretik gutxi batzuentzat etekina ateratzea beti izan baita negozio oso errentagarria).

Gipuzkoan aurreko legealdian bizitakoa da adibidea. Lau urtean foru aldundiaren hondakinen kudeaketa-planarekin esnatu eta oheratu ginen. Ezin uka gaia garrantzitsua dela, hondakinen pilaketa kontsumo-ereduaren, eta beraz, eredu ekonomikoaren isla baita. Ekonomia globalizatuan mundu osoko baliabideak edonoiz eta edonola eskuratu, eta erabili ondoren, hondakin bihurtuta edonola eta edonon bota daitezkeelakoan bizi gara. Baina horrek ondorioak ditu: inork ez du nahi zabortegirik, errauste plantarik, eta antzekorik etxe ondoan. Hondakinik ez sortzea eta sortutakoak ahalik eta gehiena berrerabiltzea izan beharko luke hondakinen kudeaketa arduratsuaren helburu nagusia. Horretarako, hondakinak bereizita jaso behar dira, eta hori nola egin da agintari arduratsuek herritarren esku utzi beharko luketen erabaki bakarra. EAJren interes alderdikoietatik at zaila da ulertzen auzi hau; Gipuzkoan ez da erraustegirik behar eta, gainera, horrelako plantei iraungipen data jarri zaie Europan.

Gure bizimoduaren eragina hain da handia, krisi ekologiko globalaz hitz egiten da. Ondorioetako bat mundu osoko bioaniztasunaren iraungipen geldiezina da. EAEn ere ez dago naturaren kontserbaziorako politikarik, eta, alderdien programak irakurrita, ez dirudi egongo denik. Foru aldundiek ez dute plangintzarik Eusko Jaurlaritzak ia erabat osatu duen Natura 2000 sarea kudeatzeko, eta basogintza zein basabizitza ehiza eta arrantza lobby-en interes ekonomikoen mesedetan arautzen dira. Modan dago parte hartzearen aldeko diskurtsoa, baina natur baliabideen kudeaketan sistematikoki baztertzen dira kontserbazioniston eta ekologiston ezagutza eta iritzia (Aralarren dugu azken adibidea, pista berria irekitzeko asmoan).

Hori guztia saihesteko, gure ingurumen inpaktua txikituko duen eredu ekonomikoa behar dugu, baliabideen xahuketa murriztuz kutsadura eta hondakinen pilaketa gutxituko duen kontsumo-eredua. Tokian tokiko garapenetik baino ez da etorriko hori, eta horrek burujabetza eskatzen du: zer eta nola kontsumitu nahi dugun erabakitzeko (energia, elikagaiak eta gainerakoak), eta tokiko proiektuak elkar partekatuz sinergiak bilatzeko. Horretarako gure herria Aturritik Ebrora egituratu behar da, eta horretan ez dute laguntzen oraintsu Jaurlaritzatik berrikusten ari diren Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen proposamenak, edota Euskadiko Energia Estrategia 2030 eta AHTa bezalako astakeriek. Bestalde, natur kontserbaziorako lege-markoa Europakoa denez, Euskal Herri osorako planteamendu bateratuak borondate politikoa baino ez du eskatzen.

Euskal Herria irudikatu, egituratu, eta ondare naturala kontserbatzeko edota berreskuratzeko plangintza adostu, dena dago egiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.