Gizakiak ezinbestekoak izan ditu mineralak betidanik bere garapenerako. Arroka eta mineralen ustiatze eta erabilerarik gabe, agian dagoeneko suntsituta legoke gure espeziea. Hasieran, silexa eta antzeko material gogorrei esker garatu zituen tresna asko. Ondoren, suaren bitartez landutako mineralak etorri ziren, hala nola burdina, kobrea eta beste asko. Mineral horiek erabiltzen hasi zirenetik aurrera, garapen teknologikoak eta gizarte aurreratuak posible egin ziren, eta zibilizazioak abiatu ziren. Azken mende eta erdian, petrolio eta gainerako hidrokarburoek hartu dute indarra baliabide naturalen artean.
Euskal Herrian, gizakiak betidanik ustiatu ditu arrokak eta mineralak. Historiaurretik hasita, poliki-poliki lurrazalean edo sakonera txikian zeudenak joan dira biltzen eta, jakina, agortzen. Erromatarrek zilarra aurkitu zuten Aiako Harrian, eta handik urrun ez dagoen Gorramendin, urrea, besteak beste; baina metal preziatu horiek ez dira inoiz kopuru handitan aurkitu, bertako geologiak ez baitu horretarako laguntzen. Orain, Kanbo inguruan urrea aurkitu nahian hasi dira. Urrearen ustiaketak artsenikoa, zianuroa eta, batez ere, merkurioaren erabilera dakar askotan. Ez dago argi bertan urrea aurkituko denik, baina, egotekotan, mereziko du arriskurik hartzerik? Noren onerako izango litzateke urrea aurkitzea? Mineralek aberastasuna ekarri ohi zioten Euskal Herriari iraganean eta oraindik lur azpian badaude ere, ez dira, seguru asko, gure beharrak asetzeko adina. Areago, ustiaketa garestia da, eskatzen duen teknologiagatik eta ekar dezakeen Naturaren hondatzeagatik.

ARGI ALDIAN
Euskal mineralak agortzear?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu