Hogei urte ezer ez direla esaten zuen tangoak, eta egia izango da, askok gogoan bizi-bizi baitugu nola sortu zen BERRIA, nola itxi ziguten Euskaldunon Egunkaria, «euskara eta euskal kultura» defendatzeko, garai hartako Espainiako ministro Angel Acebes PPkoaren hitzetan. Halako burlarik! Halako gorrotorik!
Baina zenbat eta handiagoak burla eta gorrotoa, orduan eta handiagoa jendearen emana, jendearen erantzuna, jendearen nahia: 2003. urteko otsailaren 20an galdu Euskaldunon Egunkaria, eta ekainaren 21ean zabaldu, mundura zabaldu, zabalik mundura, euskal jendearentzat eta Euskal Herriarentzat, BERRIA. Lau hilabetean berregin, alajaina, 1989. urtean Egunkaria Sortzen plataforma lanean hasi zenetik hamalau urtean erein, ureztatu, zaindu eta jasotakoa. Ez da marka makala, eta probatu duenak badaki zer den hori. Zoramenezko lau hilabete: lorik gabeko gau asko, atsedenik gabeko egun asko, eta golkotik uxatu nahi beldurra eta amorrazioa.
Hutsik utzi gintuzten: esku hutsik, baina ez gogo gaberik. Ez ordenagailu, ez mahai, ez lantoki, ez diru, ez telefono... Hurrengo egunkaria nola sortu pentsatzen hasteaz gainera, tartekoa segurtatu, hutsik egin gabe: horixe izan zen lanik urgenteena, bete beharreko lehenbiziko hutsunea, eta, halaxe, egun batetik bestera, 2001. urtean Tolosan sortutako argitalpen lokala egunkari nazional bihurtu zen. Horixe izan zen Egunero, seguru asko inoiz izandako euskal egunkaririk nazionalena, erresistentziaren ikur eta babes, izenean bertan ere profetikoa: eguneroko euskal prentsak ez zuen egun bakar batean ere kale egin, eta hortxe izan zen Egunkaria itxi eta hurrengo egunean kioskoetan, eta, are, harpidedunen buzoietan. (Pentsatu duzue inoiz zenbat lanbide behar diren egunkari batean, kazetari lanarekin batera? Aipa dezagun gaur ofizio ahaztuenetako bat: banatzaileak).
Artean ez zen hark izena behar zuen, eta hori ere asmatu egin behar. Bai izena jartzea izan zen esku artean ibilitako aukeretako bat: izen hori zuen gogoan Lizardik bere amets noranahikoa bataiatzeko, eta izen hori aukeratzea modu bat izango zen haren egitasmora are gehiago hurbiltzeko, ukaziotik eta ezezkotik baiezkora pasatzeko, bai soil eta irmoa. Biga ere izan zen izen posibleetako bat, gure belaunaldiak oso denbora gutxian sorturiko bigarren egunkari nazionala izango baitzen. Azkenean, BERRIA aukeratu zen: hitz laburra, komunikazioarekin nabarmen lotua, etengabe berritzeko asmoaren promesa.
Berriz ere gure txikian ahalik eta handiena izateko gogoz, eta jendearen sostenguak ematen duen indar itzelarekin, bere bideari ekin zion BERRIAk, jakinik egunkari soil bat baino gehiago zela, komunikabide soil bat baino gehiago: eguneroko euskal prentsa nazionala, komunitate linguistiko eta kultural baten oinarrietako bat. Euskal kulturaren plaza bat, euskal kulturaren plaza guztien berri emateko.
Bitartean, ordea, lankide batzuk kartzelan, lankide batzuk akusaziopean. BERRIA ere itxiko dute?
Urria iritsi, eta beste operazio bat: lankide gehiago atxilo. Berriz ere torturak? Berriz ere: lorik gabeko gau asko, atsedenik gabeko egun asko, eta golkotik uxatu nahi beldurra eta amorrazioa.
Urria pasatu, eta mamu bat: ez da sekula bukatuko?
Halaxe, lanean segitu zuen BERRIAk, mamuak beste norabait jo zuen arte, 2014. urtean auzi judizial guztiak bukatu baitziren, akusazio guztiak ustelak zirela aitortu baitzuten. Kaltea egina zegoen, eta ez zegoen konpontzerik.
Eta handik gutxira, urteurren biribila: hogei urte, beraz, jardunean, ekinean. Tartean, gelditu gabe, mugimendu asko, aldaketa asko. Halako batean, esaterako, sei laneguneko asteak bost eguneko bilakatu ziren, eta langileek arnasa pixka bat hartzeko modua izan zuten, urteetan ezin gehiagoan jardun eta gero, jakinik halere merezi zuela halako tratua hartzea, nahiz ez genuen inondik ere merezi.
Aldatu dira lankideak, aldatu kolaboratzaileak, kanbiatu da diseinua, kanbiatu lan egiteko moldeak, mudatu da mundua, mudatu komunikazioaren ez-mundu birtuala. Hasierako plaza batik bat paperezko hura, hogei urteren ondoren, pantailazkoa da gero eta gehiago, eta zernahi euskarrizkoa izango da, baina beti euskarazkoa.
Bada beste gauza bat ere batere aldatuko ez dena: Euskaldunon Egunkaria bezala, BERRIA ere harrobi eta haztegi agorrezina da euskalgintzan diharduten komunikabide, argitaletxe, elkarte, ikastetxe eta abarretarako. Lankide ohiak Euskal Herriko txoko guztietan aurkitzeko zortea dugu han ibili garenok.
Euskarazko lau egunkari nazional izan dira: Eguna, Euskaldunon Egunkaria, Egunero eta BERRIA. Batzuek hiruretan lan egiteko ohorea izan dugu. Bagoaz, bagatoz.
Ez genuen merezi, baina merezi izan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu