Darwin eta gu

'Forever Beautiful'

Pastor
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bi neskak arropa ordenatzen ari dira Bilbo erdiko dendan. «Eta larunbatetik ez dizu deitu?», galdetu dio batak besteari. «Oraindik ez». Praken atalekoak galdezka segitu du: «Eta zeren zain dago?». Eta jarraian: «Ondo dago?».

Gazteek itxurari izugarrizko garrantzia ematen diotela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak herenegun kaleratutako inkestan. Kontua ez dago soilik estetikari lotua, biziraupenari baizik. Edertasun estandarrak bete ezean, ingurukoek baztertuko ote dituzten beldur dira gazteak, batez ere neskak. Beste datu bat eman du inkestak: 6-12 urte bitarteko umeak kexu dira; izan ere, gurasoek ez omen dituzte ulertzen. 12-16 urte bitartekoek ere badute zertaz kexaturik: aita-amak ez dira gai haiekin komunikatzeko eta, gainera, umetzat jotzen dituzte oraindik.

Ikerketaren emaitzak zenbait arlotan logikoak direla esango nuke. Ez dakit nork dioen hamabiurteko neskato edo mutiko batekin heldua balitz bezala jokatu behar dela. Umea da, gaztaroan sartu berria, eta errespetu osoz tratatu behar da, haren behar eta gabeziez jakitun, baina ahaztu gabe zer den: etengabeko garatze prozesuan dabilen gizakia, umezarotik helduarorako bidean, ustez inoiz amaituko ez den gaztaroan barrena. Bestalde, ez da hain harrigarria 12-16 urteko gazteak eta gurasoak elkarrekin oso ondo ez konpontzea. Denboraren konstantea dugu: ulertze mota hori inoiz ez da izan, eta inoiz ez da izango, ez behintzat ametsezko moduan. Are gutxiago, 16 urteetatik aurrera. Guztiz arrunta da arazoa, umeek Edipo eta Elektra konplexuak dagozkien garaian gainditu badituzte.

Bigarren kontua ere aski ezaguna da. Kanpoko edertasunaren argiak itsutzen gaitu, ez da gezurra, baina ez da horixe atzo goizekoa. Gazteak ustezko edertasunaren esklaboak dira, inkestaren arabera. Kontua da noiz ez diren edo noiz ez garen haren menpekoak izan. Egia da orain, itxuraren diktadura inoiz baino irmoagoa den honetan, areagotu egin dela joera. Hedabideek, gaztetasunaren apologia iraingarriak eta gizarteak inposatzen dizkiguten estereotipoetan galduta gaude helduok ere, betiko gaztetasunaren eta edertasunaren elixir eskuraezinaren bila.

Bilatze horretan irudi atipikoak agertzen zaizkigu kalean, zenbait kasutan kontrasterik gabeko kontrastea azaltzen dutenak: aita-semeak edo ama-alabak elkarrekin ikusi eta, haien aurpegi edo tamainei erreparatu ezean, soilik arropak kontuan hartuz gero, nekez jakingo dugu nor den nor. Ez dago alderik ustezko helduaren eta umearen artean. Eta ez da gaztetxoak jaka eta gorbata jantzi dituelako, baizik eta aita edo ama nerabe eternoak Toys 'R' us denda batetik ateratako panpina koloretsua ematen duelako. Ez dago alderik bien artean, eta horrexek egiten ditu deigarri, benetako kontrastea berriz ere azaleratzeko: heldua bere zahartasun-itsustasun lotsagarria kamuflatzen ari da eta haurra umetasun arbuiagarritik ihesi dabil, biak gaztetasun, hau da, edertasun nahian bilduak. Forever Young, I want to be forever young kantatzen zuen Alphavillek. Gaztetasuna diamanteak eguzkitan bezalakoa da, zioen musika taldeak, eta diamanteak betirako dira. Betiko gaztetasunaren mitoari betiko edertasunarena gehitu diogu orain. Gazteak izan nahi dugu eta, gainera, ederrak. Gazte eta ederrak beti.

Praken ataleko neska alkandorak ordenatzen ari denari zuzendu zaio. «Eta zuk haren neska-laguna ezagutzen duzu? Hark badaki ezer?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.