Pastor
DARWIN ETA GU

Galindo Zinemaldian

2014ko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Intxaurrondoko guardia zibilaren hitzek ireki zizkioten begiak: «Akabatu egingo zaituztegu. Barajasen agindua eman dute Asiatik datozen maletak ez miatzeko, euren jabeak Euskal Herrira badatoz. Horrela, kaka guztia ekarriko dute hona». Gaztea droga trafikoagatik atxilotu zuten eta Donostiako kuartelean galdekatzen ari ziren. Orduko mutilak badu izena, jaiolekua eta bizilekua. Donostiako eskola ezagun batean ikasi zuen. Kontua da urte haietan yonkia zela eta Europako herrialde batera joan zela pakete bat ekartzeko. Harrapatu egin zuten. Kartzelan zigorra bete eta gero, desintoxikazio zentro batean sartu zen. Eta sendatu egin zen.

Gizona garbi dago egun, eta emaztearekin bizi da Gipuzkoako herri batean. Tarteka ospitalera joan behar du, urte zoro haietan hartu zuen gaixotasuna kontrolatuta dagoen edo ez ikusteko. Hala ere, ez ditu ahaztu Intxaurrondon entzundako hitzak. Guardia zibil hura ETAk tirokatu eta hil zuen geroago.

Heroinak belaunaldi oso bat kolpatu zuen Euskal Herrian. Batez ere, baina ez horiek soilik, borroka tradizio handia zuten eskualdeetako gazteak. Askok badugu horren berri. I: institutuko matxinaden teorikoetako bat, urte pare batean gizaki hezurtsu baten itzal iluna bihurtu zena; banku lapurreta batean harrapatu zuten. A: hura ere buruargia, zorrotza; EGItik ezker abertzalera, eta handik txakur bat paseatzera parkean, bere buruarekin hizketan. F: Basaurin sartu zuten, dama zuriaren esklabo. Kartzelatik irten zenean auzora itzuli zen, baina ez zen inoiz bueltatu ilargiaren beste aldetik. Kanoa bat eraikitzeari ekin zion bere barne munduak marrazten zizkion portu lainotsuetara iristeko. Kanoa lehorrean geratu zen betiko.

Memoriari eusteko esaten digute. Euren komenentziaren araberako memoriari. Egunkari batek halaxe titulatu zuen atzo, Lasa eta Zabala eta Negociador filmak Donostiako Zinemaldian ikusgai izango direla agertzeko: Del drama a la comedia: el terrorismo de ETA entra sin complejos en el Zinemaldia. Bi pelikula horietan azaltzen den benetako drama, gertakari latz bakarra, ez zuen ETAren biolentziak eragin, estatuarenak baizik. Hala ere, artikuluaren tituluaren arabera, badirudi ETAk bahitu, torturatu, hil eta kare bizian lurperatu zituela bi gazteak. Estatu terrorismoa kontzeptua ez da ageri egunkari horren estilo-liburuan.

Joxean Lasaren eta Joxi Zabalaren hilketak Enrique Rodriguez Galindok agindu zituen. Intxaurrondoko burua zen orduan. Egun, libre dago. Galindo ez da agertuko Mercedes Milaren programa batean, eginiko minari buruz hitz egiteko. Are gutxiago barkamena eskatzeko, iragana gaitzesteko. Ez zioten halakorik eskatu kartzelatik irten zenean. Zergatik egingo dute orain? Hori beste batzuei baino ez zaie agintzen. Berdin dio Langraiz bide-koak izan edo ez. Bestalde, memoria ofizialaren mapa ETAren biktimek baino ez dute merezi. Gizarteak eskubidea du Ortega Larak zer jasan eta pairatu zuen jakiteko. Baina beste batzuen sufrimenduaren geografiaren berri izateko ere bai: non torturatu zituzten, non hil zituzten. Intxaurrondoko ziegen testigantza isila, itaunketetako oihuak, torturetako garrasiak, atxilotuei hartutako argazkietako aurpegi desitxuratuak.

Lasa eta Zabala estreinatuko dute Zinemaldian. Hala ere, inoiz ez ditugu bi gazteen testigantzak entzungo. Hilda daude. Borreroak, berriz, bizirik ditugu. Ez dute damurik. Hala balitz, eta nahi izanez gero, Galindok bisita gidatuak egin litzake Donostiako kuartelean eta La Cumbre jauregian. Argia emango luke estatuaren biolentzia hobeto ezagutzeko. Bidea irekiko luke gai honi buruzko beste film bat egiteko eta datorren urteko zinemaldian aurkezteko. Bigarrena: Segundo. Hendaiako herritar baten bahiketa. Jose Barrionuevo eta Rafael Vera Espainiako Barne ministerioko buru ohiak etorriko lirateke Donostiara horren berri emateko eta damua agertzeko. Maria Cristina hotelean egongo lirateke. Galindo aurten bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.