Urte berriarekin bateratsu iritsi da agiria, garai berriaren ziurtagiria. Jakina da azkenaldian egoera politikoaren gakoak aldatze prozesuan daudela, hau da, konfrontazio bortitzetik konfrontazio demokratikorako bidea hasita eta abian dagoela. Baina garai berri guztiek behar dute beren mugarria, iragana eta geroa bereizten duen marra, edo nolabaiteko efemeridea. ETAren lehen su-etena, 1989koa, urtarrilaren 8an hasi zen. Atzo jakinarazitakoak urtarrilaren 8ko data du. Ziklo baten amaiera eta beste baten hasiera irudikatzeko balio lezakeen bat etortzea.
Itxaro izanagatik eta iragarria izanagatik irudi luke, agian, agiriak ez duela hainbeste distira, baina mamia, bederen, ez du faltan. Erabakia da lehena: «Nazioarteko komunitateak egiaztatu ahalko duen su-eten iraunkor eta orokorra adieraztea». Erabakia, gainera, prozesuaren diseinu jakin batekin uztartzen da, Bruselako Adierazpenak eta Gernikako Akordioak marraztutako ibilbidearekin, alegia. Agiriak argi eta garbi eta zuzen erantzun dio Bruselako Adierazpenaren 21 izen handiko pertsonek eginiko eskaerari. Gernikako Akordioa sinatu zuten 28 alderdi eta gizarte eragileek antzeko beharra plazaratu zuten, ñabardura bat erantsiz: «Su-etena jarduera armatua behin betiko borondatearen erakusle gisa» izatea. ETAk, bere modura, bat egin du ikuspegi horrekin, jarduera armatuaren amaierarekiko konpromisoa agertu duelako: «Horixe da behin betiko konponbiderako prozesuarekiko eta konfrontazio armatuaren amaierarekiko ETAk duen konpromiso irmoa». Horrez gain, ETAren agiriak bere egiten du Gernikako Akordioaren bigarren zatiaren ikuspegia, negoziazio prozesuaren oinarriak eta edukiak finkatzen dituen atalaren ikuspegiarekin. Izan ere, akordio politikoak lortzeko zeregina alderdi eta eragile sozialen esku utzi ditu ETAk: «Euskal eragile politiko eta sozialei dagokie Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazioa adosteko akordioak erdiestea».
Su-etena iraunkorra eta orokorra izatearekin batera —horrek duen balio guztiarekin—, agiria Bruselako Adierazpenarekin eta Gernikako Akordioarekin uztartzeak azkartu egin du garai berriaren garapena; azkartu egingo du «prozesu demokratikoa». Horren katalizatzaile izango da.
Batetik, atea irekiko dio nazioarteko komunitatearen esku-hartze eraginkorrari. Bruselako Adierazpenaren inguruko harreman taldearen aurkezpena eta bisita antolatzen hasiak dira. Esku-hartze horrek eragin handia izan dezake ETAren urratsaren atzeraezintasuna ziurtatzeko eta ate gehiago irekiko ditu prozesuarekin beste eragile batzuek ere bat egin dezaten, eta behin betikoa izan dadin.
Bestetik, su-etenak alderdiei bidea erraztu die konponbide politikoaren akordioa bilatzeko lana egin dezaten, proiektu politiko guztien bideragarritasuna bermatuko duen egoera berria hitzartuko duen alderdien mahaia lantzen joateko. Aldi berean, lankidetzarako bidea ere erraztu die alderdi eta eragileei. Baita hauteskundeei begira ere.
Eta Espainiako eta Frantziako gobernuei estrategia errepresiboaren amaiera abian jartzen ere lagunduko die ETAren erabakiak; adibidez, ezker abertzalearen legeztatzearekin eta presoen egoera arintzearekin hasita.
Garai berria urratsez urrats iritsi bada, urratsez urrats garatu beharko da. Gaurtik aurrera, agian, abiadura handiagoz.
Analisia. Pello Urzelai
Garai berriaren mugarria eta katalizatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu