Hilberria. Paulino Luesma

Gobernuen berme eta ehuntzaile

Hodei Iruretagoiena.
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Minbiziak eraman du Paulino Luesma (1949-11-01, Gasteiz), 64 urterekin. Ostegunean zendu zen Bilbon PSE-EEko kidea, Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Espainiako Gobernuaren ordezkari izandakoa. Abokatua ofizioz, irakasle ere aritu zen urtetan. Langileen defendatzaile gisa agurtu dute haren alderdikideek, eta jeltzaleekin ehundutako harremanak nabarmendu dituzte askok. Gorabehera gehiago izan zituen, ordea, Espainiako Gobernuaren ordezkari gisa aritu zenean.

«Beti aritu da kausa handi honen zerbitzura, herria eraikitzearen alde, justuagoa izan eta aurrera egin dezan». Hala goratu zuen atzo Luesmaren irudia Ramon Jauregi Europako hauteskundeetarako PSOEren hautagaiak. Hain zuzen, Jose Antonio Ardanzaren Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde izandakoaren eskutik iritsi zen Luesma politikaren lehen lerrora, 1987an. Lehenengoz, koalizio gobernua osatu zuten urte hartan EAJk eta PSE-EEk, eta lehendakariordetzaren idazkari orokor kargua hartu zuen. Deustuko Unibertsitatean irakasle ibilia zen ordura arte, Zuzenbide Zibilean eta Lan Zuzenbidean.

Garai hartan jeltzaleekin harreman onak ehundu zituela nabarmendu dute askok. Izan ere, Ardanzaren gobernuaren eta Felipe Gonzalezen Espainiako Gobernuaren arteko bitartekaritzan aritu zen, «gatazkak bideratzeko» eratutako aldebiko batzordean. Julio Astudillo Gipuzkoako batzarkide sozialistak, esaterako, koalizio gobernuan «giltzarri» izan zela aipatu zuen.

Legealdia bukatuta, Acenor enpresaren administrazio kontseiluan sartu zen, eta abokatu lanetan aritu zen, gehienbat enpresa eta kooperatiben alorrean. Ondoren, Enplegu sailburu egin zuten 1991ko urrian. Haren heriotzaz galdetuta, «balio handiko gizona» zela adierazi zuen egun kargu berean den Juan Maria Aburto jeltzaleak.

Aro gorabeheratsuagoa hasi zuen ondoren. 2000. urtean, haren aurkako atentatu saio bat egin zuen ETAk, Getxon (Bizkaia), bonba-auto batekin. 2004an, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente hautatu zutenean, gobernuaren ordezkari gisa jarri zuten Luesma Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. EAJrekin egindako harremanak aipatu zituzten orduan arrazoi gisa, eta begi onez hartu zuen izendapena Juan Jose Ibarretxe lehendakariak ere, «izaera irekia» zuela esanez.

Jarrera irekia baino gehiago, posizio irmoa agertu zuen estatuko segurtasun indarren eta Espainiako legeen defentsan, El País egunkariko elkarrizketa batean kontrakoa azaldu arren. Zapaterok harreman «lasaiak» edukitzeko eta «kontu polizial eta antiterroristetatik haragoko ordezkaritza irudia» emateko agindu ziola esan zuen.

Ezker abertzalea legez kanpo egon arren, negoziazio fasea hasi zuten ETAk eta Zapateroren gobernuak, batetik, eta alderdiek, bestetik. Atxiloketa, debeku eta tortura salaketek ez zuten etenik izan, ordea. 2008an, Igor Portu eta Mattin Sarasolaren kasua izan zen deigarrienetakoa. Guardia Zibilak torturatu egin zituen zantzu nabarmenak izan ziren, besteak beste, ospitalera eraman zutelako Portu, birika zulatuta eta aurpegia eta gorputza handituta. Gertatua argitzeko eskatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta «iraingarritzat eta deitoragarritzat» jo zuen hori Luesmak —hiru urteren ondoren, lau guardia zibil zigortu zituen Donostiako Epaitegiak, tortura haiengatik—. Hala izendatu zuen Eusko Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari torturaren existentzia onartzeko eskatu izana ere.

Gobernuaren ordezkari karguarekin, hainbatetan jo zuen Luesmak udalen aurka: udaletxeetan Espainiako bandera jartzeko, edo, besteak beste, plazei Espainiako segurtasun indarren eskuetan hildako herritarren izenak kentzeko, «biktimen ohore eskubidea» argudiatuta. Bitartean, Meritu Zibilaren Ordenaren Gurutze Handiarekin saritu zuen, esaterako, Jose Luis Gomez Aparisi, EAEn Guardia Zibilaren arduradun nagusietakoa izandakoa.

AHTaren alde ere jardun zuen, eta auzitara eraman zituen hainbat udal proiektu horri buruzko herri galdeketak egiten uztegatik. •
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.