Pastor
DARWIN ETA GU

Gure lehen mundutarkeriak

2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zakila du eta ginekologoaren kontsultara joan da. Sendagileak zakar hartu du: «Nik soilik benetako emakumeak tratatzen ditut». Gizonak bazuen beste era batera erantzutea: andrazkoa izan arren, osasun-azterketa egiteko beste mediku batengana joan behar zuela esan. Irailean gertatu zen, Euskal Herritik hurbil. Pauen.

Zergatik joan zen pertsona hori ginekologoaren kontsultara? Zer begiratu behar zion hark, gizonezko baten aparatu genitala badu? Sendagilearen erreakzioa ez zen batere egokia izan, baina logika zuen. Frantziako Ginekologo eta Obstetren Elkargo Nazionaleko presidente Joelle Belaisch-Allart andrearen iritziz, medikuak «oso baldar» jokatu zuen, baina muinean arrazoi zuen: «Funtsean ez dago oker».

Beste kasu bitxi bat: Alemanian elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek. Zertarako? Txakurrak direla aldarrikatzeko. Berlin erdian lau hankatan jarri eta zaunkaka hasi dira. Zer egingo dute gaixotzen direnean? Medikuarenera joan ala albaitariaren kontsultara jo?

Medikuntza fakultateetan ginekologia eta urologia adarrak batu beharko dituzte etorkizunean? Eta beren burua txakurtzat duten pertsonen kasuan? Egoera hipotetiko honetan askoz zailagoa da konponbidea. Zuk albaitaritza ikasi duzu eta pertsona bat etorri da kontsultara. Txakurra dela esan dizu. Zer egingo duzu?

Soilik medikuntza ikasi baduzu, medikua eta albaitaria hitzak ipin ditzakezu kontsultako atean. Txakur delako hori gelan sartuko da. Zure ustez pertsona den hori sendatuko duzu. Eta platerkada bat pentsu proteiniko eskainiko diozu. Bera pozik, txakurra balitz bezala tratatu duzulako. Zu ere gustura, sendatu duzulako. Win-win bat izan da. Hala ere, ez litzateke hobe izango guk guztiok sen on apur bat izango bagenu?

Izaki bizidunak dira txakurrak. Eta maskotak. Rol bat betetzen ari dira gizartean, dudarik ez. Baina maskotak pertsonak izan daitezke? Telebistako iragarki batean ageri da: «Maskoten gurasoek» badakite zer erosi haiei jaten emateko. Bai, zentzu figuratuan izango da, baina oso esanguratsua. Gizaki bat txakur baten aita edo ama izan daiteke? Lehengo astean txakurra duen lagun bat zoriondu zuen emakume batek «ume polita» zuelako. Neskak errotik moztu zuen. «Aizu, ni ez naiz txakur honen ama».

Maskotak ezkontza zibiletan izatea zilegi den edo ez erabaki behar du Gasteizko Udalak. Izan ere, bikote batek txakur bat eraman nahi du bere ezkontza-zeremoniara. Haren konpainia-animalia da. Katuak eta txakurrak dira mota honetako animalia arruntenak. Zerrendako hirugarren postuan arrain txikiak ditugu. Horiek ere onuragarriak dira jende askorentzat. Etxera heldu, arrainontzirantz begiratu eta hori lasaitua!

Baliteke berandu baino lehen ezkontza zibiletan arrainak ere ikustea. Pertsona batek zakurra maite badu, zergatik diskriminatu arraina konpainia-animalia moduan maiteago duten lagunak? Ezkontza ezin erromantikoagoa izango da. Areago bi ezkontideek arraintzat badute beren burua: epaitegian Juan Luis Guerra 4.40-ren kanta ezaguna jarriko dute eztei-martxan: «Quisiera ser un pez para tocar mi nariz en tu pecera...». Hiru arrainak Bali aldera joango dira ezkonbidaian. Eta arrain ezkonberriek luxuzko hoteleko arrainontzian sartuko dute guppy maitagarria, platy arrain atsegin txit exotikoarekin maiteminduko den esperantzan. Arrainak ere maitemindu egiten baitira. Zer uste zenuten, ba, halakoak Disney faktorian baino ez direla gertatzen?

Zakila du eta ez dago eroso. Hamalau urte ditu eta desberdina dela sentitzen du. Etxekoek hil egingo lukete horren berri balute. Batzuetan burutik ondo ote dagoen galdetzen dio bere buruari. Eta sufritu egiten du, zinez. Ez du txakurra izan nahi, inondik inora ere. Badaki Afrika erdialdeko bere herrixkan animalia izatea zer den. Ez du sakelakorik, baina lanean ari da lehen munduko nerabeen telefonoek litioa izan dezaten. Eta, noski, ez da ginekologoaren kontsultara joango. Ez dago denbora lehen mundutarkerietan galtzeko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.