Maite Asensio Lozano.
ANALISIA

'Gure mutilak'

2016ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Nerabe nintzela, nire inguruko mutilek (denak supermodernoak) sexuari buruz hitz egiteko zeukaten erraztasunak harritzen ninduen. Sexuaz baino gehiago, izen-abizenak zeuzkan beste norbaitekin izandako sexu praktikez; xehetasun askorekin, eta, sarri, errespetua galduz. Batzuentzat sexuak bi une dituela uste dut: beste pertsonarekin konpartitutakoa, eta konpartitutako horren difusioa».

Gizonezko adiskide batek asteon kontatutako pasadizo horrek agerian uzten du maskulinitate hegemonikoaren egituraketan nolako pisua duen besteen aurrean norbere gizontasuna berretsi beharrak, eta zein baliabide erraza den andreak umiltzea, haien pribatutasuna urratzea, euren duintasuna zapaltzea. Sexu balentriak lau haizeetara zabaltzea ez da jokabide berria, baina are mingarriago bihurtu dute egun horretarako erabiltzen diren tresnek: sakelako telefonoek eta Interneteko sare sozialek.

Asteazken iluntzean abiadura bizian zabaldu zen Sergi Enrich eta Antonio Luna futbolariek emakume batekin izandako sexu harremana jasotzen zuen bideoa. Berehala eskatu zuten barkamena Eibarreko bi jokalariek, baina erantsi zuten «guztiz baimendua» zela irudietako jarduna, nahiz eta emakumeak argi adierazi ez zuela grabatzerik nahi. Agerian geratu da baimena ematearen ulerkera distortsionatua dutela gizon batzuek. «Borondatezko sexu harremanen barruan sarri ikusten ari gara nahi gabeko sexu jokaerak; eta neskek sentitzen dute ez dutela jardun hori gelditzeko eskubiderik», ohartarazi zuen Gemma Altell psikologoak abuztuan kazeta honi emandako elkarrizketa batean. Izan ere, zein aukera zuen andreak, bere baimenik ez zuen zerbait gertatzen ari zela ikusita, sexu harremanak eten eta handik alde egiteko?

Edonola ere, elkartasun mezu asko jaso dituzte futbolariek. «Ez duzue ezergatik barkamenik eskatu behar», esan die Josep Pedrerol kirol kazetari ospetsuak. Noski, zilegi da nahi bezalako sexu erlazioak izatea —alde guztiak ados badaude—, baina ez da zilegi egoera intimo batean grabatua izan nahi ez duen norbait grabatzea, eta are gutxiago grabazioa zabaltzea. Ez da zilegi, eta, gainera, delitu bat da. Baina gizonen arteko itun patriarkala —gure mutilak defendatzeko edozein jokabide zein eraso matxista justifikatzea ahalbidetzen diena—, antza, legediaren gainetik dago.

Eta, fokua zabalduta, kezkatzeko motiboa eman dute konplizitate keinu horiek. Ziztu bizian hedatu baitziren irudiak asteazkenean, partekatzearen egokitasuna auzitan jarri gabe, eta grabazioan ageri den andrearekiko enpatia agertu gabe. Bideoa jaso eta barre egiteko edo morboa elikatzeko berriz bidali zutenetako inork ez al zuen une bat hartu, bere ekintza soil horrek emakumearengan izan zitzakeen ondorioez hausnartzeko?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.