Mikel Bujanda.
IRITZIA

Haren arrazoia, nortasuna

2015eko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Arrastotik kanpo ibili izan da Eugenio Arraiza. Iruñeko familia aberatseko semea izanik, ez dugu inor irainduko jauntxoen leinuko kume izan dela esanda. Bere bidean ibili da, besteena ez bezalakoa urratuz: Arkitekto —aita bezala— izateko ikasketak hasi bai, baina bertan utzi zituen luzegabe. Apez joan zen, ez noski orduko gehienen moduan ume koskor zenean, baizik bokazio berantiarraren deia entzunda. Jesuita sartu baina bere klase burgesari uko eginda apez obrero ibili zen Zaragozan eta Tuteran. Inkorfomista eta diskutidore beti, eliza eta apezgoa utzi zuen gero. Euskalgintzaren aurkikuntza berantiarra izan zen Eugeniorengan. Iruñera itzuli zenean buru-bihotzez murgildu zen euskararen unibertsoan. Iruñeko euskararen unibertso mugatu eta kamutsean.

Eusko Ikaskuntzan kulturaren ikuskera elitistaren aurka jokatu zuen. Zenbait urtez eutsi ahal izan zion erronkari, irizpide akademizistagoa guztiz nagusitu zen arte. Nafarroako bertso txapelketa Eugenioren eraginez urtez urteko eta ibiltari bihurtu da 1983az geroztik. Euskal kantagintzak xaramelatu zuen eta sosegurik ez zuen izan Iparraldekoek hasitako egitemodua Nafarrora lehendabizi eta beste herrialdeetara gero inportatu zuen arte. Bazter nahastaile, Zaldiko Maldiko elkartearen sorreran hor tartean ibili zen. Iruñeko euskarazko irratiaren eragile eta egituratzaile lanean jarri zuen kemena.

Eugenio Arraizaren izaera guztiz definitua agertu zen Patziku Perurenarekin izan zuen idazkien bidezko polemika zakar samar batean. Behar larrietan zein ote den premiazkoena, horixe zutengutxi gora behera erabaki beharra. Perurenak txori kantari papogorriaren defentsa egin zuen.Eugeniok aldiz, egitura, antolamendua, egunez eguneko lanaren beharra nabarmentzen zuen,alegia txinaurri lepomehe itsusiarena. Kuriositatea duenak begira dezala artxiboetan

Dakitenek homo faber izan dela esan lezakete Eugenioz oroitzeaz. Egile eta eragile nortasun sendokoa, berdinik gabekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.