Marian Iriarte.
ARGI ALDIAN

Itsasoko ura edaten

2016ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Duela aste pare bat Malaysian hamar egun itsasoan galduta egon ziren bi lagunek bizirik irauteko ura nola lortu zuten irakurri nuen. Egia esan, itsasoko ura iragazten zutela esaten zen egunkari batean, eta hori ez da zuzena. Itsasoko ura benetako disoluzio bat da, hau da, uretan beste substantzia batzuk daude (gatza), eta sistema homogeneo bat osatzen dute. Bertatik ura bereizteko iragaztea ez da nahikoa. Beste prozedura bat erabili behar da, alderantzizko osmosia, adibidez. Eta zer da, bada, hori? Hori ulertzeko gure gorputzean itsasoko ura sartutakoan gertatzen dena ulertu behar da. Era batean edo bestean guztiok dakigu itsasoko ura edatea ez dela egokia, eta hori zergatik, nagusiki ura baldin bada? Gure zainetan zehar dabilen odola nagusiki ura da, eta bertan beste substantzia batzuk daude, globuxka txuriak, gorriak... Ur-disoluzio bat ur garbiarekin mintz erdiiragazkor batez bereizita jarritakoan, mintz horrek ura pasatzen utziko du alde batetik bestera, baina bertan disolbatuta dauden beste substantziak ez. Denbora tarte bat pasatu ondoren disoluziora ura pasatu dela ikusiko dugu, eta disoluzio horren gainean presio handiagoa dagoela. Horixe da disoluzio horren presio osmotikoa. Itsasoko ura edaten dugunean bere kontzentrazioa gure gorputzeko isurkarien kontzentrazioa baino handiagoa da. Horren ondorioz, eta zelulek mintz erdiiragazkor moduan lan egiten dutenez, gure zeluletako ura kanporantz pasatuko da, eta zelulak uzkurtu egingo dira.

Eta nola lor daiteke orduan ur garbia itsasoko ura erabiliz? Itsasoko uraren gainean haren presio osmotikoa baino handiagoa den presioa ezarriz. Horrek aurkako efektua eragingo du; itsasoko uretatik ura pasatuko da, mintzaren beste aldean ur garbia lortuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.