Koldo Nuñez Betelu.
ARGI ALDIAN

Klima berotzearen tsunamia

2016ko otsailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Duela bi aste Alboran itsasoan 6,3 indarreko lurrikara indartsu bat gertatu zen Melillatik gertu eta bertan zein Andaluziako hainbat tokitan sentitu izan zen indarrez. Zorionez ez zuen tsunamirik abiatu. Hala ere, azken mendeotan gutxienez dozena erdi tsunami ezagutu izan dira Mendebaldeko Mediterraneoan, azkena 2003ko Aljeriako lurrikararekin batera. Ez zuen indar handirik izan eta ez zituen kalte nabariak sortu. Oso desberdina izan zen, aldiz, 1755eko Lisboako lurrikararekin altxatutako tsunamia, leku askotan, artean Huelva eta Cadizen, milaka hildako eragin baitzituen. Datuen arabera, Iberiar penintsularen hegoaldean azken urteotan gertatzen ari diren lurrikaren indarra eta maiztasuna gero eta handiagoak dira eta, batzuen ustez, lurrikara indartsuren bat gerta daiteke laster.

Lurrikaren indarra eta maiztasuna, zenbait kasutan, klimarekin lotu izan da. Esaterako, garai ezohiko euritsuetan lurrikara gehiago ematen dira faila batzuetan. Hala gertatu zen duela pare bat urte Nafarroan. Dena den, azkeneko udazkena eta negua oso lehorrak ari dira izaten Iberiar Penintsulan eta, hortaz, klimak areagotutako sismizitatearen arriskurik ez da aurreikusten. Izan ere, 2015ean inoiz baino indar handiagoko El Niño fenomenoa gertatu da Pazifikoan eta ondorioz, Azore irletan egon ohi den antizikloia Mediterraneora mugitu da eta Atlantikotik datozen depresioek apenas ukitu duten Iberiar Penintsula. Azken neurketen arabera,datuak hartzen hasi ginenetik 2015a urtea epelena izan da Europa hegoaldean, eta, gainera, mundu osoko batez besteko tenperatura gutxienez gradu bat igo da. Eta ez da atzematen igoera hau norainokoa den; klima berotzearen tsunamia gero eta indartsuagoa da. Lehenago edo beranduago, eragin gaiztoa izango du gure planetarenparte handi batean; baita gugan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.