Jose Mari Pastor.
DARWIN ETA GU

Koofizialik ez, eskerrik asko!

2023ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Liburu bat idatzi duzu beste lagun batekin batera. Bien lana berdin-berdina izan da, idazketaz nahiz edukiz. Batak ez du besteak baino lerro, hitz, karaktere bat gehiago idatzi. Ideia eta ekarpen kopurua ere berdin-berdina izan da. Dena egin duzue erdi bana. % 50ean. Liburuaren azalean zuen izenak ageri dira. Biak zarete egileak. Hala ere, liburua argitaratzen denean hura egile gisa aipatzen dute hedabide eta leku guztietan. Zu, berriz, egilekidea zara. Nola jotzen du horrek belarrian? Badirudi zure laguna dela egile ia bakarra. Zu laguntzailea zaitugu.

Horixe bera gertatzen ari zaigu espainierarekin eta penintsulako beste hizkuntzekin. Gaztelera ofiziala dugu. Euskara, katalana eta galiziera ere bai. Horixe dio Espainiako Konstituzioak: «Espainiako beste hizkuntzak ere ofizialak izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen estatutuei dagozkien eran». Ofizialak. Hala ere, koofizialak deitzen diete. Zertarako? Maila baxuago batean jartzeko edo. Aproba egin: esan euskara ofiziala dela EAEn eta espainiera, koofiziala. Nola jotzen du belarrian? Eta inportanteena: nola erreakzionatuko luke espainiar batek hori entzunda?

Nondik atera dute koofizial hitza espainiarrek? Haien konstituzio santuan ez dago. Zertarako ari dira matraka horrekin? Beste mintzairak gutxiesteko. Badute horretarako oinarria. Konstituzioaren artikulu horren lehen puntuak argi uzten du: gaztelania da Espainiako Estatuaren hizkuntza ofiziala. Espainol guztiek jakin behar dute eta erabiltzeko eskubidea dute. Hortxe dago koska. Jakin beharra espainierari baizik ez dagokio. Beste hizkuntzei, ez. Beraz, horiek ez dira benetako hizkuntza ofizialaren mailara iristen. Koofizialak dira.

Hizkuntza koofizialak deritzenak Espainiako Kongresuan hitz egiteko aukera izango da orain. Espainia plurinazionalaren bidean omen goaz. Espainiarrak eta bertako klase politikoak horren alde daude? Hala izan balitz, lehenago emango zituzketen aurrerapausoak. Ez dute egin. PSOE eta Sumar bikoteak gehiengoa lortu balu, akaso uste dugu besterik gabe onartuko zituztela aldaketa horiek? 40 urte pasatxo izan dute Espainia plurinazionalerantz jotzeko, baina ez dute ezer ere aldatu kongresuan beste hizkuntza horietaz ere mintza dadin.

Europan katalana ofiziala izatea nahi dute orain. Euskara eta galiziera ere ofizialak izango lirateke —valentzieraren berri izan duzue? Kolpe ederra izan da sezesionista linguistikoentzat—. Bruselan espero zuten emaitza lortu ez, eta pixkanaka-pixkanaka joatea erabaki dute. Katalanari eman nahi diote lehentasuna, antza. Gero, gerokoak. Azken batean, diputatu katalanen botoak behar dituzte. Euskaldunenak zakuan dituzte jadanik. Asaldatu egin gara. Taktizismoz jokatzea egotzi diogu Pedro Sanchezi. Jakina zen hori. Noren botoen beharrean dago, bada? Nork jo du ekimena ezinbestekotzat inbestidura bermatzeko? Katalanek. Euskal Josep Guardiola eta Sergi Lopez bideo batean azaldu dira euskara Europan sustatzearen alde?

Albiste ona dugu Espainiako Kongresuan euskaraz egiteko modua izatea. Ez naiz kexatuko. Espainiarrek euren burua zuritzeko jokaldia izan liteke, baina. Funtsean, ezer gutxi balio du euskal diputatuek Madrilen euskaraz egiteak Euskal Herriko supermerkatu, taberna, beharleku, erietxe eta abarretan euskaraz jarduteko eskubidea bermatzen ez bazaigu. Espainierak ofiziala eta euskarak koofiziala izaten segitzen badute. Erandioko Kultura zinegotziak euskaraz ez dakiela irakurri dut. Itzulpen zerbitzuak jarriko ditu Jaurlaritzak edo udalak herritarrek harekin komunikatu ahal izateko?

Carme Junyent hizkuntzalari katalan joan berriak sorterrian bere hizkuntzaz hiltzeko eskubidea aldarrikatu zuen bere azken egunetan. Euskaldunok katalanak baino urrunago gaude eskubide horretatik. Euskaraz bizitzeko aukerarik ez badugu, nolaz izango dugu azken hatsa euskaraz emateko modurik? Euskara ofiziala balitz, ez dakit hori lortuko genukeen. Koofiziala izanik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.