BERRIA sortu baino puskaz lehenago oholtzak ederki higatuak zituzten batzuek, eta beste batzuk jaiotzen ikusi ditu BERRIAk. Antzerkilariak, musikariak eta bertsolariak batu ditu kazetak, heldu den apirilaren 12tik aurrera egingo duen kultur biran. Hamar urteko bidean garrantzi berezia eman dio euskarazko egunkariak kulturgintzari, eta kultur eragileekin elkarlanean itzuli nahi dio urte horietan jaso duen babesa irakurleei eta zaleei. Bi hilabetez, 32 bat ekitaldi egingo ditu, eta egun osoko jai batekin amaituko du bira; ekainaren 22an, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egingo du azken festa hori. Haurrentzako ikuskizunak izango dira, bertsolariak, jan-edana, eta musika.
Baina bira heldu den astean hasiko da, ostiralean, hilaren 12an. Metrokoadroka sormen laborategiak Zertarako hegoak antzezlana aurkeztuko du Errenterian, Gipuzkoan. BERRIAk eskatuta propio sorturiko antzezlana da. Igorren, Zallan eta Mungian ikusi ahal izango dute Bizkaian; Beasainen, Hondarribian, Elgoibarren eta Donostian, Gipuzkoan; Amurrion, Araban; Beran eta Atarrabian, Nafarroan; eta Izpuran Nafarroa Beherean.
Musikariak ere izango dira kultur biraren protagonista. Horien artean, nabarmentzekoa da Eñaut Elorrietak bakarkako lehen lana aurkeztuko duela, Deserriak; Lizarran (Nafarroa) joko du maiatzaren 18an, eta Hendaian ekainaren 13 (Lapurdi). Ruper Ordorikak, Anarik, Leire Gotxik, Xabier Montoiak, Inoren Ero Nik, Borja Estankonak, Anje Duhaldek, Igelaren Bandak, Bizardunak taldeak, Garik eta Joseba Tapiak ere emango dituzte kontzertuak biraren barruan.
Bertso tramak ere antolatu ditu BERRIAk: maiatzaren 3an Gasteizen, ekainaren 8an Zarautzen (Gipuzkoa) eta ekainaren 14an Basaurin (Bizkaia) arituko dira bertsolariak, Josu Goikoetxea tramagilearen esanetara. Xabier Lizaso piano jotzaileak eta Andoni Egaña bertsolariak, berriz, Bi arreba ikuskizunean arituko dira Getxon (Bizkaia), ekainaren 7an, Frederic Chopin konpositorea eta Xenpelar bertsolaria elkarrizketan jarriz. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak eta Irizarrek babestu dituzte ekitaldiak.
Egitarau osoaren berri zehatza jasoko da hamargarren urteurrenerako webgunean. Bihar jarriko dute abian webgune hori, eta sarrerak aldez aurretik eskuratzeko aukera ere emango du. www.berria.info webgunetik iritsi ahal izango da hara. Harpidedunek eta BERRIAlagunek merkeago izango diuzte, bost euroan; gainerakoek, hamarrean.
BERRIAren proiektuari buruzko aurkezpen bat entzuteko eta urteurrenerako propio eginiko bideoa ere ikusteko aukera izango dute ekitaldietara joango direnek.

BERRIAk 10 urte
Kulturaren BERRIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu