Behin batean bazen Bizkaiko armadore bat, hegaluzearen denboraldia amaitu eta Mediterraneoko kostaldera joaten zena, beste arrain batzuen bila. Gizona Levante aldeko herri hartako taberna-kafetegi-klub dotoreenean sartzen zen, egunean zenbateko kutxa egiten zuen galdetu jabeari, eta diru hori baino gehiago biltzen zuen billete berde mordoa ipintzen zuen barraren gainean: «Itxi lokala. Gaur neu izango naiz zure bezero bakarra».
Bapo bizi ziren, urrezko urte haietan, arrantza munduan negozioa zutenak. Etxe eta auto ederrak, arrain-dolarrei esker. Dirua barra-barra irabazi eta barra-barra gastatu. Basque Coast Way of Life, yeahhhh. Arrain-dolarrak amaitu egin dira gurean, baina badirudi laster petrodolarrak etorriko direla. Lehen gure enpresariek egiten zutena Golkoko monarkia guztiz demokratiko eta aberatsetako eliteak egingo du orain.
Horixe iradoki du Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendari Isabel Muelak Qatarren, Patxi Lopezek bertara eginiko bisitan. Bezero dirudun horiek etortzea nahi du Jaurlaritzak, luxua maite dutenak. Muela andrearen ustez, hiper-mega VIP turistek pribatizatu egingo dituzte jatetxeak edo hotelak, zenbait kasutan. Hau da, hotel osoa hartu, soil-soilik haien familiaren eta segizioaren zerbitzuko. Armadore hark behinola bezala egingo dute, baina diru askoz, askoz, askoz gehiagorekin. Ezin konparatu bilbotarkeriak eta qatartarkeriak. Euskaldun aberatsok ez ditugu morito pobreak nahi alboan. Arabiar aberatsek ez dituzte gustuko vasquito pobreak; ez dituzte maite gure sagardo hatsa eta gure korroskadak.
Gasteizek herrialde arabiar horietako turistak erakarri nahi ditu Espainiako eskualde aberatsenetakora. Bai, halaxe definitu dute EAE Dubain egindako ekitaldi ofizial batean. Lehenik, Espainia; gero, eskualdea. Horixe gara, azken batean. Gauzak argi, eta txokolatea lodi. Eskerrak ez duten gure aberastasuna laudatu Eustatek langabe kopuruaren igoera kezkagarriaren berri eman duen egunean. Lehen industri moldaketa izan eta gero, eta bigarrena hemen dugula ohartuta, nago turismo herri bihurtuko ez ote garen, euskal enpresek herrialde arabiar horietan lortuko omen dituzten kontratuak gorabehera. Edo, akaso, jarduera industriala eta turistikoa bateratuko dituen eredu oraindik zehaztu gabea garatuko dugu.
Sasoi berrietara moldatu behar. Ez haserretu Sheraton, Carlton eta Londres hotelak soilik xekeentzat badaude zabalik, gure futbolariek kontzentratzeko leku egokirik izan ez, eta partida galtzen badute. Edo Hondarribiko paradorean Ilargierdiaren bandera ageri bada. Berdin Guggenheim berriak arabiar aberats asko biltzen baditu, eta mezkita bat eraikitzen badute Urdaibain. Kristau integristaren bat kexatzen bada, minareteak 37 zentimetro moztu eta arazorik ez. Gure bisitarien konkubinaren bat burka eta guzti badator, hor ere protestarik ez. Poderoso caballero es don dinero. Non zaude, Quevedo?
Aberastu egingo gara. Eta ikasi, mundura zabaltzen ikasi. Eta hurrengo batean, EAEko lehendakari bat Qatarrera doanean, eta emirraren andrearekin elkartzen denean, ez gara harrituko egunkari batean argazki oin hau irakurtzean: «Halaxe hartu zuen emirraren andreak lehendaka- ria». Halaxe? Halaxe, bai: soineko beltz dotorea jantzita, burutik orkatiletara. Zer espero genuen, ba? Qatarko emirraren andrea tanga brasileiroan eta Ron Collins bat eskuan agertzea Lopez jaunaren aurrean?
Darwin eta gu
Minareteak Urdaibain
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu