Pastor
Darwin eta gu

Munitibar eta Espainia

2024ko otsailaren 24a
05:00
Entzun

Euskalduna izan daiteke euskaraz jakin gabe? Galdera ona, duela urte gutxira arte erantzun garbia zuena, zalantzarik bat ere gabea. Espainola izan daiteke espainieraz jakin gabe? Galdera ona hori ere, beti erantzun argia izan duena eta baduena, Espainiako administrazioaren kontraesanak bazter utzita.

Izan ere, epaile batek pasaporte espainiarra izateko eskubidea ukatu dio Mallorcan bizi den jatorri afrikarreko herritar bati haren espainieraren ezagutza «nahikoa» ez dela esanda. Emakumeak hogei urte baino gehiago eman ditu Santa Margalida herrian. Primeran moldatzen da katalanez, eta oso ondo integratua dugu hango komunitatean. Gaztelaniaz ere badaki, baina ez, nonbait, elkarrizketa egin dion epaileak nahi lukeen moduan.

Jujearen irudiko, herritar horrek ez du erakutsi «gizarte espainiarrean integratu izanaren nahikoa maila». Erabakiaren kontra egin dutenek hauxe argudiatu dute, logika osoz: auskalo pertsona hori gizarte espainiarrean behar bezala integraturik dagoen, baina bizi den herrian, bai. Eta herri hori, Santa Margalida, Espainia da ofizialki. Gemma Pasqual i Escrivà idazleak bikain argudiatu du: «Epaileak, agian, arrazoi du, baina emakumearen katalan maila kontuan izanda, guztiz integratua da uharteko gizartean, edo behintzat, Santa Margalidako gizartean, eta epaileak herri hori Espainiatik independentetzat jotzen ez badu, andrea erabat sustraitua da gaur egun estatuaren administrazioak espainiartzat jotzen duen herri batean».

Zer da gizarte espainiarra epailearen ustez? Antza denez, soil-soilik espainieraz mintzo den jendartea, hizkuntza ofizial bakarra gaztelania duena. Beste mintzairak ofizialki espainolak izan arren, praktikan bigarren mailakoak baitira. Mallorcako emakume hori Salamancan, Segovian edo Sevillan irudikatu du epaileak eta, gaztelaniaz «nahikoa maila» ez duela ikusita, baztertu egin du? Emakume hori Balear uharteetan bizi da, baina horrek ez dio ardura gizonari. Ez dute esaten, bada, Mallorca Espainia dela eta katalana berezko hizkuntza eta ofiziala dela bertan? Non dago arazoa orduan?

«Arazoa, funtsean, espainiar askoren gogoan dugu. Haien buruan gaztelania da nagusi beste hizkuntzen gainetik Madrilen, Mallorcan, Coruñan edo Donostian».

Arazoa, funtsean, espainiar askoren gogoan dugu. Haien buruan gaztelania da nagusi beste hizkuntzen gainetik Madrilen, Mallorcan, Coruñan edo Donostian. Espainiarrak kontraesanez beteak dira arlo horretan. Izan ere, hizkuntza periferikoak direlakoak espainolak baldin badira, zergatik ez dute praktikan eta eremu guztietan espainierak beste balio? Funtsean, espainolak ez direlako. Espainiartasun tradizionalaren distortsioa direlako. El español habla español. Eta kito.

Katalana eta euskara hizkuntza espainiarrak? Frantsesak bezain. Frantziak bi hizkuntzak inoiz ofizialtzat joko balitu, akabo bakea Paris eta Madrilen artean. Frantziako presidente jaun edo andreak Espainiako errege edo erreginaren aurka jardun beharko luke ezpata dueluan Tuilerietan edo Retiroan, hizkuntza horiek espainiarrak edo frantsesak diren erabakitzeko. Berez, katalana eta euskara dira, besterik ez, baina tira. Beste kontu bat da hizkuntza horiek mintzatzen diren lurraldeak Espainiaren edo Frantziaren parte izatea. Akaso Menorca ingelesen mende egon zenean bertan hitz egiten zen katalana ingelesa zen? Ingelesa zen Donibane Lohizunen hitz egiten zen euskara Lapurdi Ingalaterrari lotua izan zen garaian? Fangera —Ekuatore Gineako hizkuntza— eta tagaloa —Filipinetakoa— espainiarrak ziren? Ez. Espainiako inperioaren barruan mintzatzen ziren hizkuntzak ziren. Egun, independentzia lortu ostean, inork ez ditu espainiartzat jotzen, inoiz hala egin bazuten. Aditzaile onari, hitz gutxi.

Lea-Artibai eskualdean bizi den jatorri afrikarreko herritarra euskaldunduz gero, integratuta egongo da bertan. Horratik, epaile erdaldun batek pasaporte espainiarra ukatuko dio hizkuntza espainiarraren «nahikoa maila» ez duela esanda. Espainian «behar bezala integratuta ez egotea» egotzita. Euskara ez da hizkuntza espainiarra? Munitibar ez da Espainia? Non dago arazoa orduan?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.