Pastor
DARWIN ETA GU

Nor zen Arzalluz?

2023ko ekainaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Esadazu minutu batean zergatik eman behar dizudan botoa. Ahalik eta modurik arin eta dibertigarrienean azaldu. Osterantzean, beste politikari bati emango diot botoa, zu baino are entretenigarriagoa —pailazo handiagoa?— denari.

TikTok politikagintza, TikTok kanpainak. Eta TikTok kazetaritza. Halakoxea izango dugu etorkizuna? Nola erakarri, nola liluratu politikan interesik ez duten gazteak? Nola helarazi mezua kazeta edo libururik irakurtzeko ohiturarik ez dutenei eta, zenbait kasutan, mundua beraien jaiotegunean sortu zela uste dutenei? Ez da gehiegikeria: iazko udazkenean Xabier Arzalluz nor zen ba ote zekiten galdetu nien ikasleei. Laurogei bat lagun izango ziren gelan, baina batek baizik ez zekien. EAJren buruzagi historikoaren heriotza Euskal Herriko eta Espainiako hedabide guztietan agertu zen. Orduan 14-15 urte zituzten ikasle horiek. Zertan ari ziren? Hiru urte eta erdi geroago lehen bezain ezjakin segitzen zuten. Kazetaritza ikasleak dira. Erne bazterrak!

Nola azaldu politika kontu bat 18-20 urteko gazteei TikToken bidez? Kritika edo parodia baten jomuga izateak eragin dezakeen erreakzio neurriz kanpokoa, adibidez. EAJk zergatik uste duen alderdia kritikatzea —edo, nahi baduzu, iraintzea— Euskal Herria iraintzea dela. Akaso PSOEri edo Pedro Sanchezi faxista deituz gero, inork esango luke herri espainiarra iraintzen ari zarela? Sanchez iraintzen ari zara. Edo PSOE. Honaino, bai. Hortik haratago...

Ildo horretan segituz: EAJren boto emaile guztiek ondo ikusi dute Durangon boterea PPren botoari esker lortu izana? Eta jeltzaleen logikari eutsita: Gipuzkoan agintea PPren laguntzaren bidez bereganatzea ez al da lurralde horri barre egitea eta bertako herritarrak iraintzea? Marra gorriak diktadurari armaz aurre egin ziotenen borroka ez gaitzesteak jartzen ditu? Erregimen frankista zapaltzailearen oinordetza politiko eta soziologikoa ordezkatu izan duen eta oraindik ere, hein handi batean, ordezkatzen duen alderdiko kidea izateak ez?

EH Bilduren bideoa, PP, Vox eta EAJren politikariak biltzen dituena, jauzi, ausardia handiegia izango da herritar askoren ustez. Gehiegizkoa. Baina benetan larritzekoa? Nik are kezkagarriagotzat jotzen dut jeltzaleen erantzuna. Alderdi jakin bat herri oso batekin identifikatzea, sinbiosi arriskutsuan. Izan ere, inondik inora adiskide nahi ez duen eskuin mutur espainiarrak bezala erreakzionatu du EAJk. Faxista horiek espainiartasunaren esentzia direla adierazten dute. Haiek iraintzen badituzu, Espainia iraintzen duzu. Haien balioekin bat ez bazatoz, ez zara haiek bezain espainiarra. EAJk halaxe jokatu du bideoaren aferan. Hari barre edo irain egiten diotenak Euskadi iraintzen ari dira. Badirudi Euskal Herriaren eta euskalduntasunaren monopolioa duela.

Oskar Matuteren kontrako kanpaina zikina bultzatu zuten jeltzaleek maiatzeko hauteskundeetan. Hala ere, inori ez diot entzun, Matuteren jatorri ideologiko eta politikoaz jabeturik, hori egin zutenak Euskal Herriko langileria iraintzen ari zirela edo hamarkadetan hemengo langileen eskubideen alde borrokatu ziren pertsonak mespretxatzen ari zirela. Izan ere, Oskar Matutek ez du langile klasearen ordezkaritzaren monopolioa. EAJk Euzkadi, Euskadi edo Euskal Herriarena ere ez.

Kuadrillako lagun batek Arzalluz izan zuen irakasle Deustuko Unibertsitatean. Hark dioenez, haren Zuzenbide eskolek asko lagundu zioten euskara hobetzen eta EGA ateratzen. EAJren burua atsegina zen gelan. Bavariako kontuen berri ematen zien ikasleei. Der Spiegel aldizkaria irakurtzea maite zuen. Behin aukera eman zion lagunari azterketa data ofizialetik kanpo egiteko. Bulegoan.

Gazteak proba gainditu zuen—Arzalluzek eskuzabaltasun handiz jokatu zuela aitortu zidan lagunak—. Notaren berri eman ondoren, jelkideak mutilari begiratu, haren izena esan eta inor lotsarazteko moduko aholkua eman zion, oso modu onean. Jendetasun handiz: «Irakurri egin behar da, irakurri egin behar da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.