Pastor
DARWIN ETA GU

'Ojú', Iribas!

2015eko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroako Hezkuntza sailburuak espainoltzat du bere burua; espainiarra da. Eta erdaltzalea. Ez du ardura Jose Iribasi flamenkoa gustatzen zaion edo ez. Espainiarra izan zaitezke flamenkoa dantzatzen jakin gabe, flamenkoa maite gabe… baita flamenkoa gorrotatuta ere. Jota gustukoa ez baduzu ere, nafarra izan zaitezke. Beraz, arazorik ez.

Flamenkoa, jota eta euskara maila berean jarri ditu Iribasek. Mundu guztiak ez du flamenkoa edo jota maite edo ikasi nahi. Zergatik jakin beharko luke mundu guztiak euskaraz? Iribasen iritziz, euskaraz dakiten nafarrak ez dira euskaraz ez dakitenak baino gehiago; ez dira nafarragoak. Eta alderantziz: euskaraz ez dakiten nafarrak ez dira euskaraz dakitenak baino nafarragoak. Denak berdinak dira. Euskaraz jakin gabe nafarra izan zaitezke, dio Iribasek. Hezkuntza sailburuari galdetuz gero espainola jakin gabe ba ote dagoen nafarra izaterik, ez da zaila haren erantzuna asmatzea. Euskaraz jakin gabe, nafar hizkuntzaz mintzatu gabe nafarra izan zaitezke, baina espainieraz jakin gabe, ez. Hori gezurra da, jakina: espainieraz ez dakiten garaztarrak nafarrak dira, eta haietako asko euskaldunak, baina Iribas espainiarraren ustez, Donibane Garazi edo Donazaharre, lehenik, Frantzia dira, ez Nafarroa.

Flamenkoarekin edo jotarekin konparatuta, folklorearen pare jarri du Iribasek euskara. Edo kulturaren azpiatal baten moduan, gehienez. Baina hizkuntza komunikazio tresna da. Akaso irudikatzen du Iribasek espainieraz ez dakien espainiarrik? Ezpata dantza eta mendia maitatu gabe izan zaitezke euskalduna. Euskara gabe, ez. Iribas bezalakoen arabera, eremu euskalduneko nafarrak ez dira nafarrak espainola jakin barik, baina nafarrak izan daitezke lingua navarrorum-a gabe. Horixe genozidio kulturalaren eta asimilazioaren bultzatzaileen teoria.

«Nafarroa honetan ez da bilatu behar gizartean ez dagoen uniformetasuna», adierazi du sailburuak. Tranpa ederra. Nafarroan, Hegoalde osoan bezala, uniformetasuna dago jadanik. Erdarazko uniformetasuna dugu aspaldidanik. Ez dago euskaldunik, espainieraz ez dakienik, baina badaude erdaldun asko, euskaraz ez dakitenak eta ikasteko asmorik ez dutenak. Iribas dugu adibide argiena: erdara hutsez hitz egin du, eta herritar guztiek ulertu dute. Eskualde euskaldunetako nafarrak ez dira korrika batean joan udaletxera aldibereko itzulpen zerbitzu eske, haren hitzak ulertu ahal izateko. Sailburuak ez du euskara behar komunikatzeko, Nafarroan jaun eta jabe delako berak ukatzen duen uniformetasuna, itxuraz aniztasuna dagoen arren. Funtsean, mintzaira bakarra dago. Erdarazko uniformetasuna. Euskara orban bat besterik ez da uniformetasunaren itsaso zabalean. Jasan beharreko zipriztin zikin molestagarria, desagertzea oraindik lortu ez dutena euren erdal ozeanoa guztiz gardena izan dadin.

Jose Iribas borondatezko aukera linguistikoen aldekoa da. Ezer ez inposatu —erdara ez bada, noski—. Alabaina, denboran atzera egin, eta duela 200 urteko egoera soziolinguistikoa agertuko balitzaio —Nafarroako iparraldeko herritar euskaldun askok ideia arrastorik ez zuten erdaraz, edo ozta-ozta moldatzen ziren—, antsiolitikoak hartzen hasiko litzateke. «Neurri guztiak jarriko ditugu hori hainbat lasterren konpontzeko», esango luke. Ez luke kontu hori herritarren borondatearen esku utziko. Bereak eta bost egingo lituzke lehenbailehen Gaztelako hizkuntza nafar guztien artean hedatzeko. Inposatzeko. Inauteriak aprobetxatu, eta herriz herri abiatuko litzateke Iribas erdaldista zaku zahar, joaldun, Miel Otxin, Ziripot eta gainontzekoei zintzurra bihurritzeko erdaraz ez jakiteagatik.

Beste aukerarik ez balego, Iribasek nahiago luke Bortzirietako herritar guztiak bihar bertan flamenko-dantzari bihurtuta esnatuko balira, euskara ahaztuta, erdaldun huts eta, gainera, doinu andaluziarra ahoan, berriro euskaldun elebakar, lingua navarrorum-aren jabe baino. Horraino iristen da Iribas espainiarraren erdaltzaletasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.