Rafa Diez aske. IRITZIA

Ongi etorri, Rafa!

Xabi Anza
2017ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Rafa Diezen kaleratzearekin amaiera ematen zaio gure historia politiko gertuenaren prozesu bidegabe zein adierazgarrienetako bati. Hain zuzen ere, Bateragune deituriko auziak gure memorian leku berezia edukiko du betirako delitu jakinik gabe hainbat lagun espetxeratuta eduki izanak sortzen duen amorru eta inpotentziagatik. Baina, esan bezala, bidegabea izateaz gain, prozesu hau adierazgarria ere izan zen, oso adierazgarria.

Askotan esan izan da Estatu politika Euskal Herriarekiko immobilista izan dela, baina ene ustez, auzi honek, batetik, argitu egin zuen Estatu politikaren izaera gordinena eta «mobilista» eta, bestetik, aurreratu egin zuen zein izango zen borroka armatua bukatutzat emango zenerako Estatu politikaren ildo nagusia. Zentzu honetan, auzi horretan gertatutakoak, presoen eta armagabetzearen agendatan ikusitakoak bezala, leku berean kokatzen gaitu: erreferentzia politiko independentista ahalik eta gehien ahultzea dela estatuaren xedea. Barne kohesioa kinka larrian jarri, lidergoa higatu, agenda zaharren kudeaketaren lokaztian kokatu, aliantza berriak bilatzeko zailtasunak ipini, errelatoaren borroka amaigabean nahastu, beste agendatan egiten den lana (soziala, nazionala…) mediatikoki lausotu, hedapen elektoralerako zailtasunak jarri… horiexek izan dira estatu politikaren ildo nagusiak ezker abertzalearekiko urte hauetan guztietan, hau da, fase aldaketarako edota trantsiziorako klabeak diren elementu guztiak oztopatzea. Logika krudel horretan ulertu behar da Bateragune deituriko auzia irabili izana mugimendu politikoaren bost erreferente nagusi espetxeratzeko. Estatuak bai baitaki elementu horiek guztiek oztopatuz ikaragarri zailtzen dela organizazioen trantsizioetan hil ala bizikoak diren beste bi aldaketa aurrera eraman ahal izatea: nortasun militantearen definizio berria eta kultura politikoaren aldaketa, alegia.

Euskal Herriratzean LABeko idazkari ohiak gauza berriak eta ez hain berriak ikusiko ditu, onak eta benetan txarrak. Baina aukera edota indargune batzuk ere bai: Europa mailako eskuin-muturreko oldarraldiak ez duela oraingoz gurean adierazpen antolatu nabari handirik (oraindik behintzat); politika konbentzionalenean ez erortzeko ezkerreko hainbat indarren saiakerak; gehiengo sindikalaren politikan eragiteko bokazio garbia… hau guztia, noski, kontraesanak kontraesan. Frontean, inoiz baino garbiagoa, eredu neoliberal eta neoestatutistan bat datozen indarrak. Eta Kataluniakoa, noski. Badago non eragin, Rafa. Ongi etorri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.