Pastor
DARWIN ETA GU

Ostadar faltsua Qatarren

2022ko abenduaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irudia mundu osoan zabaldu dute sare sozialek: Qatarko Poliziak ostadarra zirudien bandera bat kendu zien Marokoren jarraitzaile batzuei herrialde horrek Kroaziaren kontra jokatu zuen egunean. LGTBI kolektiboaren ikurra zela uste zuten poliziek. Ordea, huts egin zuten: amazig herriarena zen. Ez galdetu zergatik zeraman jarraitzaile batek ikur hori Marokoren partida batean. Asimilazioak onetsitako ukitu folklorikoa ala herri aldarrikapena?

Herrialde Katalanetan beste bandera batek eragin du iskanbila. Palmako eskola bateko ikasle batzuek Espainiaren bandera eskegi dute gelako horman. Katalana irakasten duen andrea aurka mintzatu da. Izan ere, eskolaren arduradunek erabaki dutenez, bandera soilik Espainiak jokatzen duen egunetan ipintzeko baimena dute ikasleek. Umeek norgehiagokarik gabeko egun batean zintzilikatu dute, baina. Ondorioz, ika-mikak izan dituzte irakaslearekin. Ikasleen gurasoek protesta egin dute. Vox eta zenbait kolektibo espainolista irakaslearen kontra aritu dira. Sare sozialean haren datuak hedatu dituzte. Heriotza mehatxuak egin dizkiote.

Inoiz ikusiko dugu halakorik hemen? Zilegi izan beharko litzateke ikasle batzuek eskolako gelan euren gustuko edo bihotzeko bandera eskegitzea? Ni neu ez naiz horren aldekoa. Berdin dio bandera hori Espainiarena izan edo Frantziarena. Edo ikurrina. Ikasleek selekzio jakin baten kamiseta janztea, tira. Baina bandera bat jartzea beste kontu bat da, nire ustez. Akaso uste dugu ikasgelako kide guztiek ikur hori maitatu behar dutela?

Banderen gerra. Nahi eta helburu nazionalen talka. Lehengoan, independentziari buruzko erreferenduma noiz ez litzatekeen egin beharko azaldu zidan lagun batek: Espainiak Munduko Futbol Txapelketa irabazi eta ondoko egunean.

Azken inkesten arabera, balizko erreferenduma Espainia munduko txapelketa guztietatik kanporatuta ere irabaziko lukete unionistek. EAEko herritarren laurdenera ez da ailegatzen independentziaren aldekoen kopurua. Beheranzko joerak bere horretan segitzen du. Beste alde batetik, Espainiak ez du halako bozketarik onartzen. Hala eta guztiz ere, gu erreferenduma noiz ez genukeen egingo hausnartzen hasi gara. Harrigarria da euskaldunok zientzia-fikzio politikoa egiteko dugun abilezia. Mundialak gara, mundialean jokatzen ez dugun arren.

Inkestan agertu denez, independentzia gizarte justu batean bizitzeko balitz, orduan lagun gehiago izango lirateke independentistak. Ea, bada: ulergarria da kezka, baina déjà vu sentsazioa pizten dit, beste testuinguru batean izan arren. 70-80ko urteetan arlo soziala hobesten zuten, lehen-lehenik, talde politiko batzuek —hain juxtu, funtsean independentistak ez zirenak. Kasualitatea ote?—. Espainia osoa sozialista, justua eta abar izan eta gero, orduan bai, autodeterminazio eskubidea onartuko ligukete. 50 urte geroago hemen segitzen dugu oraindik, Espainia benetan sozialista, gorri-gorria noiz izango zain.

Oraingo joera ez da oso desberdina. Beste borroka batzuk gehitu zaizkio, baina muinean antzekoa da. EuskalHerria zapaldu ororen askapen paradisua bihurtu arte ez dugu independentzia aldarrikatuko? Euskal Herria feminista, sozialista, ekologista eta nahi beste ista gehiago izan arte ez gara independenteak izango? Bada, jai dugu. Egon gaitezen zain… paradisu espainiar frantsesean. Hori bai librea, hori bai justua.

Duela egun batzuk argi utzi zuen kontua kazetari katalan batek. Haren iritziz, badaude alderdiak, izenez sozialistak direnak, baina sozialismoa noizbait ezartzeko inolako asmorik ez dutenak. Sozialista izena dute, baina gustura mugitzen dira kapitalismoan, sistemari adabaki batzuk ipinita. Ez dago alderdi independentistekin berdin gertatzeko arriskurik, hau da, independentistak deitu, baina praxian autonomista bihurtzea, hitz tinkoak eta adierazpen sutsuak gorabehera? Inoiz ikusiko dugu ikurrinik Espainiaren partidetan, Marokoren norgehiagoketan amazig banderak ikusten ditugun legez?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.