IRITZIA

Pertur: 40 urte desagertuta

Martin Auzmendi
2016ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hura egin zutenentzat izan ezik, Eduardo Moreno Bergaretxe Petur desagertuta dago 1976ko uztailaren 23tik. Bezperan, 1976ko uztailaren 22an, osteguna, Hendaiako Mugalde liburu dendan telefono dei bat jaso zen, eta ondorengo enkargua eman zuen: «Esan Perturri Donibaneko Consolacion tabernara joateko 09:30ean. Zain izango du duela hilabete harekin egon zen bat».

Harekin bizi zen lagunak esan zuenez, 1976ko uztailaren 23ko goizean, Perturrekin partekatzen zuen etxetik irtetean, hura prestatzen geratu zen Donibaneko Consolacion tabernan omen zeukan hitzordu batera joateko. Pertur ez zen Consolacion tabernan sartzera iritsi, eta, Donibaneko erdigunean zegoen Vauban tabernatik gertu, Miguel Angel Apalategirekin (Apala) eta Francisco Mujikarekin (Pakito) egin zuen topo, auto batean zihoazela. Horiek Hendaian bizi ziren, eta galdetu zien ea hara zihoazen. Baiezkoa jaso ondoren, autoan sartu zen, 11:00 inguruan. Apalak eta Pakitok deklaratu zuten Donibanetik irtetean errefuxiatu batzuekin hitz egiteko geratu zirela, eta jarraian Hendaia eta Behobia arteko mugan utzi zutela 11:30 eta 12:00 bitartean gutxigorabehera. Pentsatu behar da, beraz, haren desagertzea prestatua zutenek pentsatuta zeukaten bezala, Consolacion tabernara zihoala norbaitek esan ziola taberna horretara joan partez Behobiara joateko.

Hasieran, pentsatu zen haren desagertzearen egileak Espainiako polizia zerbitzuak izan zirela, zuzenean edo poliziakide ezkutuen bitartez, Espainiako ultraeskuindar taldeetako edo talde neofaxista italiarretako kideak. 1975-1976. urteetan talde parapolizialak atentatuak egiten ari ziren Iparraldean euskal errefuxiatuen kontra.

Baina, ondoren, pentsatu zen desagertzearen egileak ETApm-ko Bereziak taldekoak izan zitezkeela, 1977an ETA militarrean sartu zirenak. Hipotesi hori oinarritzeko arrazoia da nagusiki Donibanetik Hendaiara eraman zuten pertsonak Apala eta Pakito izan zirela, pisu handiko pertsonak ETApm-ko Berezietan eta Perturrekin desadostasun indartsuak zeuzkatenak.

Frantzian egin ziren ikerketek ez zuten argitu ez gertatua eta ezta Perturren egonlekua ere.

2008ko maiatzaren 19an Perturren gurasoek kereila bat aurkeztu zuten Auzitegi Nazionalean desagertzea iker zedin. Kereila oinarritzen zen 1992ko abenduaren 18an Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak onartu zuen 47/133 ebazpenean, zeinak indarrez desagerrarazitako pertsona ororen babesa aldarrikatzen baitu. Ebazpenaren arabera, indarrezko desagertzea tortura da desagertutako pertsonaren familiakoentzat, eta, era berean, dio beti delitua izango dela desagertutako pertsonari gertatua eta haren egonlekua ezkutuan edukitzen jarraitzen den bitartean.

2008ko ekainaren 27an Fernando Andreuk emaniko auto batean onartu egin zen kereila. Ikerketetan Perturren desagertzeari buruz aipatu diren bi hipotesiak jarraitu ziren: batetik, Espainiako polizia zerbitzuen esku hartzea, eta, bestetik, ETApm-ko Bereziak taldearena.

Fernando Andreu epaileak 2012ko irailaren 20an eman zuen autoan adierazten zuen, nahiz eta familia saiatu izan, «ezin da Eduardo Morenorekin 1976ko uztailaren 23an gertatu zenari buruzko oinarridun susmobideak jarraitzen dituen argudio bide bat finkatu» eta horregatik ikerketak behin-behinekoz artxibatzea erabaki zuen.

Desagertze horri dagokionez, badira zenbait alderdi adierazgarriak: batetik, ETAk eta haren inguruak urte hauetan guztietan desagertzea argitzeko izan duten interes falta, eta, bestetik, Espainiako polizia agintariek desagertzea gertatu zenean eta geroztik gaur arte erakutsi duten ikerketa falta erabatekoa, eta hori frogatuta geratu zen Andreu epailearen aginduz egin ziren diligentzietan. Poliziak eta ETA erakundeak erakutsi duten lankidetza ezak eta pasibotasunak desagertzearen egileen eta haiei lagundu zietenen inpunitatean eragin baino ez dute egin.

Desagertu zenean 25 urte zeuzkan Perturrek. Parte hartze garrantzitsua eduki zuen 1976ko abuztuan ETApm-k egin zuen VII. batzarrean formulatu ziren aldaketa ideologikoetan eta estrategian; ondorioz, 1977an EIA alderdia sortu zen, geroago Euskadiko Ezkerran sartu zena helburu politikoak lortzeko bide demokratikoak bakarrik bere eginez eta 1981ean ETApm-ren desegitea eraginez, UCDren gobernuarekin bere kideen birgizarteratzea hitzartuta.

40 urte bete dira Pertur desagertu zenetik, eta haren amaiera ezagutu gabe jarraitzen dugu. Garbi dago indarrezko desagertzea edo hilketarekin amaitu zen bahiketa izan zela. Guztiak pentsaraztera garamatza, haren konfiantzako pertsonaren baten esku hartzearekin, Pertur hitzordu tranpa baten biktima izan zela, bere bahiketa eta desagertzea prestatuta zeukatenengana eramateko helburuarekin.

Bahiketaren eta desagertzearen argitzea alboratu ezin den eta egiteke dagoen lana da. Horrela bakarrik sor daitezke bereziki haren guraso Alvaro eta Marta 40 urte hauetan jasaten ari diren larritasuna eta sufrimendua amaitzeko baldintzak. Gainera, gertatua ezagutzeko gizarte orok duen eskubidea dago, eta, horrekin batera, desagertzea ikertzeko estatuaren betebeharra, hipotesi bat bera ere baztertu gabe, egia ezagut dadin. Horrek orain arteko jarrera aldatzea eskatzen du, nagusiki gertatuaren erabilera politikora bideratua egon dena, ahaztuaz edo albo batera utziaz argitzeko eskaera.

Egia, justizia eta konponketaren printzipioetan oinarritutako oroimenaz hitz egiten den garai hauetan, Perturren desagertzea eta 40 urtez egoera horretan egoteak euskal gizarte osoarentzat gogoetarako arrazoia behar du izan, eta, aldi berean, aginte publikoentzat interpelazio argi bat da. Seguru desagertzearen egile izan ziren eta hura babestu zutetenetako batzuk bizi direla oraindik. Haren desagertzea nola gertatu zen jakitera iritsitako batzuk agian konta diezagukete oraindik zer gertatu zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.