Jose Mari Pastor.
DARWIN ETA GU

Polizien hizkuntza

2021eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak euskaraz egin beharko luke? Katalanez?—galderak fikzioaren munduaridagozkio, errealitatean halakorik gerta litekeela pentsatzeak fikzioa bera gainditzen baitu—. Zalantza horiek agertu dira Kataluniako zenbait hedabidetan aste honetan, TV3k Altsasu seriearen lehen atala katalan hutsez eman eta gero. Izan ere, ikusle eta aditu askok jatorrizko bertsioa eskaintzearen alde egin dute, katalanezko azpitituluak erabilita.

Altsasu-ren lehendabiziko kapituluaren share-a ia %23koa izan da, serieak 600.000 ikusle izan baititu Katalunian. Vicent Sanchisek, Kataluniako Telebistako zuzendariak, Altsasu bikoizteko erabakia defendatu du RAC1 irratian egindako elkarrizketan. Guardia zibilak katalanez mintzatzea kritikatu dutenei halaxe erantzun die Sanchisek: «AEBetako sheriff batek katalanez hitz egitea bezain sinestezina da guardia zibil batek katalanez hitz egitea». Hala ere, TV3k hedatutako western-etan ez da ikuspuntu hori nagusitzen: zuriek katalanez hitz egiten dute; amerindiarrek, berriz, espainiera traketsean: «Gizon zuriak suge mingaina izan». Zergatik ez katalanez? «Home blanc tenir llengua de serp».

Guardia zibilen hitzak katalanera bikoiztearen alde negatiboa nabarmendu du Mònica Planas kazetariak: «Errealismoa kentzen dio hizkuntza-tentsioa gatazkaren zati bat dela islatu nahi duen serie bati». Planasek galdera hau egin du: «Irudikatzen duzue zer gertatuko litzatekeen serie batean gazteleraz egingo luketen pertsonaia bakarrak fikzioan rol negatiboa dutenak balira?».

Guardia zibilen rol negatiboa ondo zabaldua dugu Euskal Herrian. Esango nuke irudi hori are eskasagoa dela euskaldunon artean katalan hiztunen artean baino. Halarik ere, beti egin daitezke pertzepzio hori aldatzeko saioak. Hitzak itzuliz edo kenduz. Altsasu-n dei bat jaso du gizon batek. Telefonoa hartu eta «Arriba España» esan diote. Katalanezko bertsioan ez da Arriba Españarik entzuten. Isiltasuna, besterik ez. Hain zaila al zen esaldia bere horretan uztea edo bikoiztea? Sanchisek garrantzia kendu dio kontuari: «Behin gertatu bada, inork ez dezala maltzurkeriatzat jo Arriba España katalanera bikoiztutako bertsioan agertu ez izana». Haren iritziz, ez genuke kezkatu behar esaldi hori kentzeagatik. Esaldiak beste pertsona batzuk kezkatu zituen, baina. Kasualitate hutsa izan da bikoizketan Arriba España ezabatzea, soilik hori, berez daukan konnotazio politikoa kontuan izanda? Kasualitate handiegia.

Guardia zibilak, poliziak, jendarmeak, militarrak... Egia esan, ez nau biziki kezkatzen okupazio indarrek erdara erabiltzeak. Haien jokaera logikoa da: botere arrotzaren ordezkariak ditugu eta zapalkuntza linguistikoa bultzatzen dute, besteak beste. Ez dut besterik espero.

Guardia zibilek espainieraz hitz egitea guztiz normala da, ez gaitu harritzen. Hemengo polizien gaitasun linguistikoa, hori bai kezkagarria. Ertzaina izateko deialdi berriaren iragarkia ikusten ari gara egunotan telebistan. Oso polita, bai. Disney Cops. Hedabideetan azaldu da nolako hizkuntza-eskakizunak izango dituzten ertzain berriek. Horrek ere jadanik ez gaitu astintzen. Zertaz baliatzen dira gure agintariak halako eskakizunak defendatzeko? Argudio honetaz: Ertzaintza, azken batean, euskal gizartearen isla da. Euskal herritar guztiak elebidunak ez badira—erdaraz eta euskaraz egiten dakiten elebidunak— ertzain guztiak euskaldunak izateko eskatzea arrantzura larrera joatea bezala da.

Lehen, ertzainek erdaraz egiteak harritzen gintuen. Euskaraz ez jakiteak, alegia. Hori barneratu ondoren, beste fase batera pasatu gara: orain, zenbait kasutan, ertzainek euskaraz egiteak harritzen gaitu. Ez eskatu, euskararen ezagutza txikia den herri batera bazoaz, han paseatzen dabilen ertzainak euskaraz jakiteko. Eta hala bada, ez harritu western bateko amerindiarren moduan erantzuten badizu, orduan bai, euskaraz. «Gizon zuriak niri probokatu nahi». Egin zaitez ertzain. Euskadi, auzolana. Horixe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.