Pastor
Darwin eta gu

PPko neska-laguna

2014ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Irving Layton poeta kanadarrak modu bitxian definitu zuen bere herrialdearen nortasuna: «Kanadarra izatea hauxe da: etengabe galdetzea kanadarra izatea zer den». Pierre Berton idazleak modu umoretsuago batez begiratu zion sorterriari: «Kanoa batean larrutan egiten dakiena da kanadarra».

Kanadarren modukoak gara euskaldunok. Kanoan ez gara moldatuko —ganbaran bai, ganbaran bai!—, baina etengabe galdetzen diogu geure buruari vasco izatea zer den. Horren froga? ETB2k egindako ¿Qué es ser vasco? saioa. Zer gara? Euskaldunak, eus(z)kotarrak, baskoak, euskal herritarrak…? Betiko morokila. Lege zaharrak aldatzen ari dira, baina. EAJko buru bati aspaldi irakurri nion nahiago zuela Euskal Herrian beltz bat, euskaraz dakiena, euskaraz ez dakien zuria baino. Eta gogoratu nintzen lagun batek zer kontatu zidan behin: ederki pipertu zela badakit nongo udaltzain beltz batek euskaraz egin ziolako, hark euskaraz ez zekien garaian. Euskaldun beltzak erdaldun zuria lotsarazi.

ETBko programako kazetaria han eta hemen ibili da, jendearekin hizketan. Galdera batek harritu nau bereziki. Gazte batenganahurbildu da eta: «Pentsatu, zer izango litzatekeen emaztegaiabazenu, eta PPkoa balitz…». Mutilak ufff batez erantzun du.Erdaraz da saioa, eta kazetariak novia hitza erabili du. Noviaberbak orain ez zaitu, derrigorrean, elizara edo epaitegira eramaten, baina jatorrizko esanahiari ere eusten dio: denboran luzatutako maitasun-harreman mota, geroko bizikidetzarako zutabeak ezartzen dituena. Ezkontzarekin edo ezkontza gabe, novia, emaztegai edo neska-lagunarekin duzun erlazioa ez da sexualitate hutsean garatzen. Iraunkortasuna du, eta beste era bateko afektibitate batean ere oinarritzen da, ez soilik sexualean. Bai, amigo-a con derecho a roce izan dezakezu; tarteka deskarga bat egiteko erabiltzen duzun-erabiltzenzaituen laguna, oso tristea baita aurreko danbolinari bakarrikeragitea beti. Hala ere, hori ez da emaztegaia. Ez oraintsu arte, behintzat.

Programako mutilaren jarrerari erreparatuta, ustezko harreman horrek ez du funtsik, inondik inora ere. Argia piztu eta gero, zeregingo dute elkarrekin mutil abertzale independentista ezkertiar agian ateo euskaldun batek —azken inkesten arabera gurean euskaraz ondo moldatzen diren gazte gutxi horien artean baldin badago…— eta neska unionista eskuindar seguruena katoliko erdaldun batek, egunean dozena bat aldiz «aquí en España» esaten duenak?Zer egingo du mutilak? Larunbat batean Carlos Baute antichavistaren kontzertura joan, En el buzón de tu corazón kanta entzuten ari den bitartean pastel aurpegia jarriz plantak egiteko, bestela txaluparen branka lehorrean geratuko baita gaur gauean? Zer egingo du neskak? Hurrengo larunbatean Txarraska gaztetxera joango da Dementziaren kontzertua ikustera, eta han geratuko da txorimalo legez, Roberto Cavalliren larruzko bota marroiak garagardoz zikinduko dizkioten beldur? Proiektu komunetan luzera begira oinarritu nahi duten harremanek besterik behar dute. Galdera egokiena ez da «PPko neska-laguna izango zenuke?», hauxe baizik: «PPko neska batekin enrollatuko zinateke?» Gau bateko kontua balitz, esaterako. Hori logikoagoa da.

«Kanadaren sinboloa, zalantzarik gabe, biziraupena da», esana du Margaret Atwoodek. Euskaldunok horretan ere kanadarrak gara. Bere buruaz zalantzan dagoen eta bizirik iraun nahi duen herria gara. Kontu bat baino ez zaigu falta erabat kanadarrak izateko: kanoa batean larrutan egiten ikastea. Ez da erraza: Kanadako bizilagunen %10ek ere ez dituzte eskakizun kanoistikoak betetzen. Environics ikerkuntza-taldeak hango herritarren sexu-ohiturei buruzko azterketa egin zuen 2012an. Emaitzak: batez beste, kanadarren %8k baino ez diote segitu Pierre Bertonen legeari. Kanadar hezeenak Ontariokoak dira: han %14 dira kanoa batean mambo horizontala dantzatu dutenak. Lehorrenak, Manitoba aldekoak: %2.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.