Bizi garen egoera honek argi eta garbi utzi digu zerbait: ezinago prekarizatua dagoela gure lan merkatua. Eta ez dago «adabakirik» prekarizazio gero eta handiago hori geldiaraziko duenik; are gutxiago, kontuan harturik hainbatek interes handia dutela prekarizazioa amai ez dadin, hartara eskuraerrazago baitzaie eskulan merkea.
Enpresari asko gazteez eta hain gazte ez direnez baliatzen dira, eta, horren ondorioz, gure herrialdean dugu aldi baterako lanen tasarik handienekoa Europan. Biztanleria aktiboaren inguruko atzeneko inkestak emandako datuen arabera, langileen %24,2k aldi baterako lan kontratu bat dute. Euskadin ere handia da tasa oraindik: %21,3. Alarma egoera dekretu bidez agindu zutenean, lehenik langile horiexek galdu zuten lana. Haien enplegatzaileek kalera egoztea erabaki zuten, nahiz eta asko enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteetan sartu beharrekoak izan.
Prekaritateak orobat eragiten die kontratu partzialak dituztenei ere. Eta partzialtasun horrek emakume aurpegia eta izena ditu. Espainian, gizonek sinatzen dituzten kontratuetatik %6,8 dira lanaldi partzialekoak. Baina ehuneko hori nabarmen handitzen da, %22,3raino, emakumeez ari bagara. Euskadin, datuak ez dira askoz hobeak: emakumeei egiten zaizkien kontratuetatik %25,8 dira lanaldi partzialekoak.
«Autonomo faltsuak» ere badira langileria prekarizatuaren parte. Halako enplegatuak autonomoetan izena ematera behartzen dituzte, besteren kontura diharduten langileen eskubide berberak izan ez ditzaten. Eta, bide batez, enpresek haien kotizazioak ordaindu beharrik izan ez dezaten. Zorionez, aurten, Auzitegi Gorenak sententzia bidez ebatzi du rider deritzenak besteren kontura diharduten langileak direla.
Lan harremanen prekarizazioak handitu egiten du langile pobreen kopurua: pertsona horiek, landunak izanagatik ere, bizirik iraun baino ezin dute egin.
COVID-19ak eragindako pandemiak gogor jo gaitu denok, baina are gordinago eta latzago jo ditu prekarioak. Askok ezin izan zuten langabezia saririk kobratu alarma egoera honen hastapenean lanetik egotzi zituztelarik, horietako batzuk izena emanda ere ez baitzeuden. Beste batzuek laguntza txiki bati esker diraute bizirik, lanaldi partzialeko kontratupean aritzearen ondorioz.
Argi dago, panorama ikusirik, kalitatezko enpleguaren alde jardun beharra dagoela lan prekaritatea desegingo bada; izan ere, prekaritateak aberatsa areago aberastu baino ez du egiten, egunero lantokira lanera doan horren pobreziaren bizkar.
Koronabirusa. EKONOMIA PENTSALDIAN
Prekaritate pandemia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu