Hibai Arbide Aza.
Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Senegalen txertatutako pribilegiatuak

2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Munduko herrialderik aberatsenek Munduko Merkataritza Erakundean adostu zuten ez etetea COVID-19aren aurkako txertoen patenteak. Herrialde pobreek txertoak aberatsek baino garestiago, beranduago eta kantitate txikiagoan eskuratzen dituztela bermatzea da neurri horren helburua. Hala ere, lehen txertoak Afrikara iritsi dira. Senegalen, han bizi diren zuriak beren pribilegioak—informazioa eskuratzeko aukera hobea eta erosteko ahalmen handiagoa— erabiltzen ari dira txertoa lehenago jartzeko. Europako dozenaka expat-ek adinagatik egokitu zaien baino lehenago hartu dute txertoa, senegaldarrek txertorik hartu nahi ez dutelako aitzakiarekin. Ez da egia; edozein herrialdetan bezala, herritar gehienek txertoa hartu nahi dute pandemiak eragin ditzakeen arazo larriak atzean uzteko, eta, leku guztietan bezala, herritarren zati batek txertoarekiko beldur irrazionalak ditu. Beldur horiek uxatzen saiatu beharrean, bere immunitatea gehiengoa baino lehenagobermatzen ari da elitea.

M'Bourren pandemiaren ondorio sozialak kaiukoetan zenbatzen dira; hemen pirogue deitzen dituzte. Hamarkada bat baino gehiago zen hainbeste pirogue Kanarietarantz irteten ez zirela. M'Bour arrantzatik bizi da, Senegalen gehiengoa bezala. Koronabirusa baino lehen jada arazo larriak zeuden. Klima aldaketak beren etxeak mehatxatzen ditu. «Lehen itsasoa ez zen hainbeste igotzen», esan digu Yaseenek, «orain ekaitza dagoenean olatuak ateraino iristen dira». Arrantzalekuen gehiegizko ustiaketaren ondorioz, artisau-arrantzaleek gero eta arrantza gutxiago egiten dute, eta urrunago joan behar izaten dute arrainak aurkitzeko. Ezin dira lehiatu Txinako edo Europako itsasontzi industrialen aurka. Horien artean, euskal atunontziak. Sarritan, ontzi handiek artisau-arrantzaleen sare txikiak suntsitzen dituzte. Yaseenen senarra arrantza industrialeko ontzi handi horietako batek harrapatuta hil zen. Bere semea ere arrantzan hil zen. Inoiz ez zen gertatutakoa ikertu, eta inork ez zuen istripuagatik erantzun.

Pandemiaren aurkako neurri gisa, artisau-arrantzaleei hiru eguneko atsedenaldia ezarri zieten 2020an. Atzerriko ontziek egunero, egunez eta gauez arrantzatzen jarraitu zuten. Gero eta arrain gutxiago dago, baina EBk arrantza-akordioa berritu zuen. Yaseenen anaietako bostek arrantza utzi eta pirogue bat erabili zuten Kanarietara joateko. Pedro Sanchez Senegalera joan zen duela bi aste, itsasoan itotzen ez direnen deportazioak berriro Kanarietatik hastea adosteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.