Soy español. Soy Carles Puyol». Horrela bukatzen da Bartzelona futbol taldeko kapitain ohiak Espainiako Liga Txinan sustatzeko egin duen iragarkia. Lehenago bere palmaresa azaldu die Carles Puyolek txinatarrei: sei Liga, hiru Champions, Munduko Kopa bat eta Europako Kopa bat. Gero, bere espainiartasunaren berri eman die.
Erreakzioak berehala ailegatu dira sare sozialetan. Kontrakoak eta aldekoak. Ez Puyolek garaipenengatik paparra atera duelako, baizik eta bere burua espainiartzat jo duelako. Batzuk jokalariaren aurka mintzatu dira; beste batzuk, alde. Niri deigarriago egin zait Puyolen erantzuna, esaldi hori zergatik bota duen galdetu diotenean. «Ez nekien iragarkia Espainian ikusiko zutenik», esan omen du. Kirolariak arazo bat dauka XXI. mendeko teknologia berriekin txinatarrentzat zen iragarkia Bartzelonan ikusteko modurik ez dagoela sinetsita baldin badago. Garrantzitsuena hau da, baina: Espainian ikusiko zutela jakinez gero, iragarkia grabatuko zuen? Zergatik?
Errespetagarria da sentimendu nazionalak agertzea. Espainiartasuna. Arazoak ekar ditzake, jakina, baina espainiartasuna ukatzea askoz arriskutsuagoa izan daiteke zenbait egoeratan. Puyoli odol galdua edo traidorea deituko diote batzuek. Besterik ez. Espainiarra ez dela dioenak arazo gehiago izan ditzake. Odol galdua eta antzekoak ez ezik, beste kontu batzuk ere entzungo ditu. Ea nor ausartzen den Alemania, Errusia edo AEBetako mugazain, militar edo polizia bati bertako aireportu batean hauxe esatera: «Hementxe duzue nire pasaportea. Espainiarra da, baina ni ez. Ni euskalduna naiz». Eta Espainian edo Frantzian?
Puyolekin gertatutakoak Espainiaren arazo kronikoa agertzen du: estatu egituraketa errotu gabea. Sentimendu nazional ahula dago periferian, barneratu gabea. Arlo horretan, Espainia huts egindako estatua da. Errege-Erregina Katolikoen garaietatik 500 urte pasatu arren, ez du lortu bere mugen barruan jaiotako herritar guztiek —edo gehien-gehien-gehienek— lotsa edo presiorik gabe, askatasun osoz, «espainiarra naiz» esatea. Independentzia edo batasuna Espainiak baino dezente beranduago erdietsi duten estatu askok ez dute arazo hori. Espainiak, bai. Kazetari alemaniar batek ez dio Thomas Müller futbolari bavariarrari galdetuko «alemaniar ona» ba ote den. Ez du zertan. Jose María Garciak bai galdetu zion Iribarri «espainol ona» ote zen —galdera lekuz kanpo zegoela onartu zuen kazetariak urte batzuk geroago, Iribar «oso pertsona ona»baita—. Logelan zergatik zuen euskara ikasteko liburu bat galdetu zion beste kazetari espainiar batek Realeko jokalari bati, 80ko urteetan. Hobeto ulertuko zuen, nonbait, Hiromi Yoshida izeneko japoniarrak euskara ikastea, Jesus Mari Satrustegi Azpiroz izeneko nafarrak baino.
Ofizialki Espainia deitzen den lurraldeko herritar guztiek ez dute espainiarrak izatearen sentimendu bateratua. Espainiak ez ditu herrien kulturak eta hizkuntzak behar bezala errespetatu. Horrek aldentzea ekarri du. Julen Lopetegi aukeratu dute orain futbol selekzioaren entrenatzaile. Kritikak entzun dira. Kirol arlokoak ulergarriak izan daitezke. Haren jatorriari buruzkoak, ez. Horiexek uzten dute agerian zenbait espainiarren ezintasuna nazio aniztasuna ulertzeko. Haien errespeturik eza. Edo alferkeria linguistikoa. Gogoratu, bestela, amaitu berri den Eurokopan Camachok-eta nola ahoskatzen zituzten telebistan euren taldeko jokalarien izenak: Adúri, Ses... Ea nola erreakzionatzen duten kazetari espainiarrek, Madrilen edo Varsovian, EITBko kazetariek Lopetegiri euskaraz galdetzen diotenean. Kalapita ederra izan daiteke entrenatzaile euskaldunarekin batera Gerard Pique eta Lucas Vazquez azaltzen badira mahaian, eta EITB, TV3 eta TVGko kazetariak euren hizkuntzetan galderak egiten hasten badira. Akabo. «Ya están los de las autonómicas jodiendo». Espainiako kazetari elebakarren greba mugagabea izateko arriskua izango genuke, diskriminazio linguistikoa argudiatuta.

DARWIN ETA GU
'Soy español'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu