Geltokiaren aurreko ubidea aterpe dute eskaleek. Emakume presatuak horretaz ohartarazi gaitu Canal du Midi nondik zeharkatu galdetu diogunean. «Ez da oso atsegina hemen ibiltzea, arlotez beteta baitago. Hobe duzue Wilson plazara joan eta zerbait hartu». Ubidera begiratu eta herritar ikusezinak ikusi ditugu: lau gizon botata, botilak eskuan. Gabonetako arbola txiki batean apaingarri dirdiratsuak eskegi dituzte: garagardo eta Coca-Cola lata koloretsuak. Ehun bat metrora, eskale bakarti bat dago, zubiaren azpian etxea egin duena: hortxe ditu bere fardelak, koltxoia, altzari zaharrak. Hortxe ditu arropak eskegita.
Arropak etxean eskegita utzi dituzte Donostiako denda ezagun batera kulero eta galtzontziloetan joan direnek, eskaintza paregabeak erakarrita: merkealdiko lehen egunean produktuak dohainik eman dizkiete ia larru gorritan bertaratu diren bezeroei. Ekimenak izandako oihartzunak etekinik ekarriko zion, bai, dendari. Erosle aktiboen eta begirale pasiboen laguntzaz ohi baino gehiago saldu du, seguruena. Gainera, dendaren izena egunkarien webguneetan dugu ikusgai atzodanik, eta gaur ere idatzizko edizioetan agertuko zaigu. Publizitate ederra, xentimorik ordaindu gabe: ez ekimenaren berri eman duten hedabideei, ezta modelo eta maniki agertu diren gizon eta emakumeei ere.
Krisi garaian, kontsumoa bultzatzeko ekimen txalogarria da Donostiakoa. Eta, bide batez, paketea zuzenean markatzeko aukera, zurikeriarik gabe: utzi suhiltzaileen eta besteren argudioak giharrak erakutsi edo gorputz ederrei damu barik begiratzeko: pobreekiko elkartasuna, aitona-amonentzako dirua biltzea, bla, bla, bla... Sen primarioenei bide emateko ez dut elkartasunaren aitzakia behar: garaje batera joan, Pirelli egutegiari begiratu eta segituan asetzen naiz.
Hedabideek nabarmendu dutenez, Donostiako ekimenean parte hartu duten gehienak 20-30 urte bitarteko herritarrak izan dira. Big Brother belaunaldiko gazte bat hala agertzeak ez du meriturik baina. Meritua Egi Bidean programaren jarraitzaileek izango lukete. Jende mordoa biluzik hiriburuaren erdian. Niri bost. Egin dezala bakoitzak nahi duena bere gorputzarekin, albokoa zipriztintzen ez badu. Duela urte batzuk lagun talde bat epaitu zuten eskandalu publikoagatik Gipuzkoan, Goierriko taberna batean kubata eta kruasana galtzontziloetan gosaltzeagatik. Absolbitu gintuenean epaileak ahora eraman zuen eskua, barreari eutsi ezinik. Orain ez da eskandalua barruko arropetan ibiltzea, batez ere kontsumoa bultzatzeko bada. Harritu egin nau, ordea, biluzteko arrazoiak, ekimenaren zioa ez baita arropa dohainik lortzea, arropa gehiago musu-truk lortzea baizik. Helburua ez da arropa benetan behar dutenei oparitzea, bezero gehiagori erosteko premia sorraraztea baizik.
Biluztasuna kontsumorako erakargarri bihurtu dute, baina matxinada ekintza ere bada, boterearen kontra erabiltzen bada. Protesta politiko, ekonomiko edo ekologistetan, esate baterako. Moda denda baten aurrean larru gorritan geratzea morrontza edo errebolta izan daiteke, betiere zertarako biluzten garen: arropa fashion batzuk dohainik lortzeko ala arropa horiek ekoizten dituzten eta enpresa jakin batek esplotatzen dituen Bangladesheko umeen eskubideak aldarrikatzeko.
Okzitaniako Tolosako eskaleei Donostiako dendan sartzen utziko zieten atzo, todo a cien-eko galtzontzilo ziztrin zikinetan joan balira?
Darwin eta gu
Tolosako eskaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu