Miren Basaras Ibarzabal.
PENTSALDIAN

Umetoki-lepoko minbiziaz harago

2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Martxoaren 4an Giza Papilomabirusari buruzko Nazioarteko Kontzientziazio Eguna ospatzen da 2018tik. Egun horren helburua da mundu mailan birus honek sor ditzakeen infekzioei buruzko ezagutza handitzea, osasun arloko profesional eta agintariak eta, oro har, herritarrak gaituz, infekzio horrekin loturiko minbiziak eta infekzioa transmititzeko arriskua ulertu eta gutxitzeko beharrezko neurriak guztiok har ditzagun.

Giza papilomabirusa, munduan zehar, sexu bidez transmitituriko infekzio arruntena da eta sexualki aktiboak diren pertsonen %80 inguru bere bizitzako uneren batean kutsatuko dira birus honekin. Sorrarazitako gaixotasunen artean umetoki-lepoko minbizia ezagunenetako bat da, baina birus honek, aldi berean, beste minbizi mota batzuk ere sorraraz ditzake: uzkikoa, zakilekoa, baginakoa, bulbakoa, eztarrikoa edo ahokoa.

Europako Batasunean, esate baterako, umetoki-lepoko minbizia 15 eta 44 urte bitarteko emakumeei eragiten dien bigarren minbizi ohikoena da, bularreko minbiziaren ondoren, eta urtero 33.000 umetoki-lepoko minbizi kasu antzematen dira, 15.000 inguruko heriotzarekin (munduan bi segundoan behin emakume bat hiltzen omen da minbizi honen ondorioz).

Horri guztiari aurre egiteko, prebentzioa da biderik eraginkorrena, bai diagnostikoan eta bai txertaketan. Osasunaren Mundu Erakundeak bere Osasun Batzarrean umetoki-lepoko minbiziaren ezabaketa bizkortzeko mundu mailako estrategia onartu zuen 2020-2030 hamarkadan sendotzeko. Bere helburuen artean daude: nesken %90 birus honen kontra txertatuta egotea, emakumeen %70 35 urte baino lehenago baheketa programan sartzea, eta gaixotasuna antzeman zaien emakumeen %90i tratamendua jartzea.

Egungo pandemia dela eta, diagnostikoa, hau da baheketa programak atzeratu egin dira eta, jakin badakigu infekzio batean zenbat eta lehenago antzeman orduan eta lehenago konponbideak jarri ahal izango direla, are gehiago minbiziaren lehenengo faseetan detektatzea lortuz gero.

Prebentzio estrategia horretan txertaketak badu beste erpin oso garrantzitsu bat. Mundu mailako helburua, esan bezala, nesken txertaketa da. Baina birus honek sorrarazitako minbizi motak ez dira bakarrik umetoki-lepokoak eta ez die bakarrik emakumeei erasotzen. Txertaketa programaren helburua giza papilomabirusarekin erlazionaturiko gaixotasunak prebenitzea bada, txertaketa unibertsal baten alde egin beharko litzateke, hori baliagarriagoa eta eraginkorragoa izan daitekeelako. Azken urteetan Europako herrialde guztietatik erdia baino gehiago jadanik txertatzen ari dira bai neskak zein mutilak. Euskal Herrian oraingoz ez da neurri hori hartu; espero dezagun laster izatea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.