Batak utzitako arrastoari segika dabil bestea. Manuel Vallsek utzitakoari segika Bernard Cazeneuve. Karguetan zein jarreretan. Vallsek Frantziako Barne ministro kargua utzi zuenean jarri zen haren ordez Cazeneuve, 2014ko apirilean. Vallsek lehen ministro kargua utzi duenean jarri da haren ordez Cazeneuve, 2016ko abenduan. Duela bi urteko aldaketa Hollandek hauteskunde haietan izandako porrotari buelta eman nahian egindako mugimendua izan zen. Oraingoa, Vallsek PSko hauteskunde primarioetara aurkeztuko dela iragarri, dimititu, eta Hollandek haren hutsunea betetzeko egindako mugimendua. Funtsean, denak berdintsu jarrai dezan.
Horixe baita Cazeneuvek Barne ministro karguan egindakoari Euskal Herritik begira jarritako neurria: denak jarraitu duela berdintsu. Sozialisten gobernuko ministro «eskuindarrenaren» fama ongi irabazi izan du Vallsek, eta harengandik oinordetzan jasotakoak proportzio berdinean gorde, jorratu edo utzi ditu jorratu gabe Cazeneuvek. Izan bake prozesuan, izan euskararen arloan —Kultura, Hezkuntza eta Barne ministerioek kudeatzen dute hizkuntza gutxituen gaia Frantzian—, izan elkargo bakarraren inguruan, jarrera apala izan du atzodanik Frantziako lehen ministro denak.
Agertzekotan, elkargo bakarraren eskakizunari jarraiki agertu da gehien haren izena. Izan ere, Barne ministro kargura iritsi zenetik, Frantziak sekula jasan dituen atentatu gogorrenei aurre egin nahian xahutu ditu indarrak: Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontrakoa (2015eko urtarrila), Pariskoak (2015eko azaroa) eta Nizakoa (aurtengo uztaila).
Lapurdira egindako azken bisitan Cazeneuvek esandakoak dira argigarriak. Elkargoaz: «Zuena bezalako lurralde batean, beren herriari loturik daudenei aukera eman nahi diegu nahi duten egitura politiko eta administratiboa hautatzeko. Estatuak ez du deus erratekorik horretan, baina sinpleki: legeak ahalbidetzen duen bide bat behar du izan». HELEParen kontra Ipar Euskal Herriko 71 hautetsik jarritako helegitea berak bota zuen atzera, aurtengo uztailean.
ETAren armagabetzeaz: «ETAri dagokio arma guziak itzultzea. Gobernua, beti bezala, prest da baketze giro bat sortzeko». Hura Barne ministro zela egin dira, Espainiarekin elkarlanean, azken atxiloketak.
Ogasun ministro izan zen aurrena Cazeneuve, eta Europako Gaietarako ministrorde gero (2012).Aurrekontu ministro izendatu zuten handik gutxira, Jerome Cahuzacek dimisioa eman ostean (2013). Lau urteren buruan behetik gorako bidea egin du azkar.
Barne ministro kargua Bruno Le Rouxek hartu du. «Bere gaitasunagatik, esperientziagatik eta estatuburuarekiko gertutasunagatik».
PERTSONAIA. Bernard Cazeneuve
Vallsen arrastoan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu