arantxa iraola
ANALISIA

Yllanes lanean, argazki eta guzti

2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Amorrua izan zen, seguruenera, orain aste bi Jose Diego Yllanesen gaineko albisteak zabaltzen hasi zirenean hedatu ziren sentimendu nagusietako bat. 2008ko Iruñeko sanferminetan Nagore Laffage hiltzeagatik kondenatutako mediku gaztea, oraindik hirugarren gradu egonik, lanean ari zela jakin zen, eta hilketa egin zuen garaian amaitzen ari zen ikasketekin lotutako ofizioan, gainera: mediku klinika psikiatriko batean. Gizarteratzeko aukera, noski, ezin zaio inori ukatu; baina gauzak egiteko era asko daude. Eta Yllanesek ez du kondena guztiz betetzera ere itxaron bere burua mediku jardunean harro erakusteko: Madrilen eta Sevillan diharduen klinika psikiatriko pribatu baten webgunean azaldu zen haren argazkia, taldeko gainerako langileekin.

Legez, horretarako modua du. Ezin da ukatu hori; izan ere, kondena ezarri zion sententzian ez zitzaion itxi erietxe pribatuetan jarduteko aterik, soilik alor publikokoa. Biktimen erreparaziora begira, ordea, eta emakumeen kontrako indarkeriari arbuio soziala erakutsi behar zaiola aintzat hartuta, argi dago zigor kodearen josturak arrunt estuak direla: eten egiten ditu errealitateak alde guztietatik. Esploratzeko mundu oso bat dago hor, urratu beharreko bide berriena. Izan ere, legearen eremuaren barrukoa izanda ere, Yllanesek izan duen jokabideak ez du batere laguntzen. Giltzapetik irtenda, inolako zigorrik gabe joka dezakeenaren sentimendu erabatekoa erakusten du: hanpatua. Lanean hasi da, eta hori erakusten duen argazkian atera da, horrek eragin dezakeen oinazea eta amorrua aintzakotzat hartu gabe, eta lanerako era eman dion zentroko profesionalen babesarekin. Ez dira, bada, gauzak egiteko era diskretuagoak egongo. Baina horixe hautatu dute: nabarmenena, agerikoena. Eta soilik kritiken ostean erantzun zuen klinikak, adieraziz pazienteak ez dituela artatzen Yllanesek. Soilik arbuio mezuen ondoren kendu zituzten argazkia eta ondoan ageri zen testua: «Jose Diego Yllanes, medikua». Klinikan, besteak beste, sexu osasunari lotutako zerbitzuak ematen dituztela aintzat hartuta, aparteko ondoeza eragiten du Iruñeko mediku gaztearen izena hor ikusteak.

Albistea zabalduta piztu zen beste sentimendu bat, zalantzarik gabe, artegatasuna izan zen. Izan ere, mediku ofizioak ez al du mugarik? Edonork jardun al dezake? Baita ankerkeriarik larrienak egin dituenak ere? Kasu honi begira, behintzat, hala dirudi. Adituen arabera, mediku jardunbidean ari zela egin izan balu hilketa, ofizioan jarduteko berariazko debekua jarriko zioten Yllanesi kondenarekin batera, baina, horrelakorik gertatu ez zenez, inhabilitazioa ez zen erabatekoa izan. Eta ezinegon handia eragiten du horrek; izan ere, ogibideak berezko dituen ezaugarriengatik kode deontologiko zorrotz baten erretenean jardutera behartuta daude sendagileak. Eta hortxe itauna: bateragarria al da hori medikuek kontsultatik kanpo izandako jardun klase ororekin? Gizarteratzeko eskubidea eta helburua pertsona orori onartu behar zaizkiela aintzat hartuta ere, ez al du gaiak aparteko trataera bat merezi? Espetxetik irten orduko lanean hasi nahi duen mediku gazteari kliniketako ateak parez pare zabaldu behar zaizkio? Zalantzak sortu dira, halaber, medikuen elkargoen funtzioaren inguruan. Gaitasuna dute mediku jardunean sortutako gorabeheren harira profesionalei espedienteak irekitzeko. Eta hortik kanpoko alorretan? Yllanesen kasuan jakin da Madrilgo elkargoan erregistratu ostean lortu zuela lanean hastea. Eta elkargoak jakinarazi du espediente bat irekiko diola, orain; polemikaren berri izan ostean.

Eta paradoxa bat ere agerian geratu da. Sexu abusuak eta antzekoak egiteagatik kondenaren bat izan dutenek badute, egun, lege aldetik, lanean aritzeko muga: adingabeak babesteko 2015ean Espainian onartu zen legearen arabera, ezin dute haur eta nerabeekin lan egin. Horregatik, tankerako aurrekaririk ez dutela erakusten duten ziurtagiriak aurkeztu behar dituzte. Irakasle, begirale, zaintzaile... Profesional zein boluntario; legez, denei dagokie. Hilketagatik —38 kolpe eman ostean hil zuen Yllanesek Laffage— kondenatua izan denak, ordea, mediku ere jardun dezake: eta argazkia eta guzti jarri. Zer pentsa ematen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.