Irati Urdalleta Lete.

Zementutik harea mugikorretara

2023ko abenduaren 22a
05:00
Entzun

Batasuna irudikatu zuten Eusko Legebiltzarrean iazko apirilaren 7an: legebiltzarkideen %90 inguruk, EAJkoek, EH Bildukoek, PSE-EEkoek eta Elkarrekin Podemos-IUkoek, hezkuntza akordioa onartu zuten. Agindu zuten testu hark Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zimenduak jarriko zituela datozen hamarkadetarako.

Zenbait eragile aurka agertu ziren hasieratik bertatik, eskola publikoa ardatz ez zuela iritzita. Baina, politikoki behintzat, sendo zirudien proiektuak: bazirudien zementu gainean eraikiko zituztela hezkuntza sistemaren zimenduak.

Zementua, baina, harea mugikor bihurtu da proiektuaren babesak ahulduz joan ahala. Elkarrekin Podemos-IU izan zen urruntzen lehena, sare publikoa bazterrean uzten ari direlakoan. Eta EH Bildu izan zen hurrengoa, lege proiektuari EAJk eta PSE-EEk jarritako zuzenketetan hizkuntza ereduak lehenengoz agertu zirenean. Atzo, legebiltzarkideen %55ek onartu dute legea.

Eta, legea idaztetik harago, hezkuntzako langileek eramango dute hori ikasgeletara. Horiek ordezkatzen dituzten eragile gehienak ere ez daude gustura. Azkenaldiko protestak horren erakusle izan dira: Euskalgintzaren Kontseiluaren babesean, hezkuntza eragile garrantzitsuenek astelehenean salatu zuten legea «aukera galdu bat» dela etorkizuneko belaunaldiak euskalduntzeko. Halaber, atzo bertan, eskola publikoari kalte egingo diolako ustean, elkarretaratzea egin zuen Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak. Kristau Eskola da eragile nagusien artean azkenaldian adierazpenik egin ez duen bakarra.

Eta hutsuneak eta zalantzak ez daude eragileen eta alderdien babesetan —edo babes faltan— soilik; testua irakurrita, zenbait galdera sortzen dira. Bi izan dira eztabaidagai nagusiak: euskara eta ikastetxeen titulartasuna —eta, horrekin lotuta, segregazioa—.

Lehenengoari dagokionez, hizkuntza ereduei aipamena egin diete testuan. Aldi berean, jasota dago eskola bakoitzak bere hizkuntza proiektua ondu beharko duela eta ikasleek derrigorrezko eskolatzea amaitzerako B2 maila lortu beharko dutela euskaraz eta gazteleraz. Horraino zehaztasunak. Baina zer gertatuko da, esaterako, ikastetxe bateko hizkuntza proiektua dena delakoa izanda, familia batek bere haurra gazteleraz eskolatzea eskatzen duenean? Ikastetxe guztien hizkuntza proiektuak izango al dira balekoak? Nola eta nork gainbegiratuko ditu? Zer gertatuko da legez ezarritako hizkuntza helburuak betetzen ez badituzte?

Ikastetxeen izaerari erreparatuta, dokumentuak dio Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa sortuko dutela eta «zenbait printzipiori jarraikiz» arautuko dela, tartean diskriminaziorik eza, euskara hezkuntza sistemaren barruan lehenestea eta ezarritako hizkuntza helburuak betetzea. Baina ez dago zehaztuta horiek ez betetzeak zer ondorio izango dituen, ezta ondoriorik izango duen ere.

Jakina da hau lege bat dela, eta legeak atzetik ekarriko ditu dekretuak eta aginduak. Joango da zehaztuz. Ikusiko da galdera hauei erantzuteko gauza den. Eta ikusiko da zer ekarriko duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikasgeletara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.