enekoitz telleria sarriegi
EAEko PP. Quirogaren dimisioa. ANALISIA

Zintzoa zen

2015eko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Horrenbesteraino zen zintzoa, non erretirarazi egin dioten». Joan den astean Hasier Arraiz EH Bilduko eledunak egindako hausnarketa da, Arantza Quirogak bere mozioa atzera bota, EH Bilduren bizkar gainera hura atzera bota izanaren zama guztia jaurti eta ordu gutxira.

Zintzoa behar zuen izan bai, mozioak ez ezik, Quirogaren jarrerak. Horrenbesteraino zintzoa, non dimititu beharra izan duen. Onartuz zintzo atzera bota ez atzera botarazi ziotela mozioa eta zamak jaurtitzerakoan badaudela EH Bildurenaz gain bizkar gehiago. «Desautorizatu egin nautela? Neronek desautorizatu nuen neure burua atzera egiteko prentsaurreko hura eman nuenean». Quirogak atzo esana.

Bada paradoxa aldrebes bat, baina Quirogarekin gertatu denak erabakitzeko eskubidearekin du zerikusia. Espainiako alderdi nagusien adar autonomikoek duten erabakitzeko eskubiderik ezarekin, alegia. Mezu berdin eta bakarraren bueltan egin dituzte urteak, eta ez da arrakalarik izan ETAren indarkeriak iraun duen bitartean. Aldatu egin da egoera politikoa, ordea, eta mezu berdinak eta bakarrak zalantzan jarri ditu norbaitek. Aurkeztutako mozioa «mila aldiz» aurkeztuko lukeela esan du, eta PPk «bizikidetzaren abangoardia» izan behar duela. Dimititu egin du Quirogak. Joan den hastean mozioa atzera botatzean «ez da garaia» esan zuenean, badakigu orain zeri buruz ari zen.

Quirogaren mezuak eta jardunak utzitako arrastoa zaindu behar litzateke orain. Eskerrak Borja Senperrek egin digun argi. Espainiako PPren «zaintzarik gabe» egingo omen da prozesua. Bai? Hori da haren alderdikideek orain sinetsarazi nahi dutena? Haiek atera duten irakatsia? Guztion inteligentziari egindako eraso gaitzesgarria litzateke hori, arbuiagarria ez balitz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.