'Anbulantzia' gaixo dauden presoen bila joan da Basaurira

Gaixotasun larriak izan arren kartzelan dituztenak askatzeko eskatu dute Basauriko espetxearen atarian

Ertzainek nortasun agiria eskatu zieten anbulantzietan espetxera joan zirenei. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Basauri
2011ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
«Elkartasun anbulantziak» Basauriko espetxeko atariraino joan ziren atzo, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoak «etxera eramateko». Basauriko kartzelan dituzten Juan Pablo Dieguez, Jon Agirre Agiriano eta Jose Ramon Foruria presoen senide, lagun eta herrikideak dira sendagilez zein elkartasun ikurtzat dituzten buzo zuriz jantzita kartzelaraino joan zirenak: Bilboko Santutxu auzokoak, Aramaiokoak eta Markinakoak. «Haien bila etorri gara», esan zuten hedabideen aurrean eta ertzainez inguratuta. «Kartzelatik aterako ditugu, beraien etxean senda daitezen».

Eguerdian egin zuten ekimena. Anbulantzia itxura emana zieten bi furgoneta zuritan iritsi ziren espetxe atariraino, sirena hotsekin abisu emanda. Anbulantziak kartzelako ate aurrean geratu, eta dozena bat lagun atera ziren horietatik: sendagilez jantzita hiru, eta buzo zuriekin gainontzekoak. Ospitaleko oheak atera zituzten anbulantzietatik. Hiru; oso gaixo egon arren Basauriko kartzelan dituzten preso bakoitzarentzat bana, premiazkoa duten osasun asistentzia emateko prest. Buzo zuriz jantzitakoek pankarta bat atera zuten alboan: Jonpa, Jon eta Jose Ramon egoera larrian!! Gaixo dauden presoak etxera!.

Berehala atera ziren ertzainak kartzelatik. Handik joateko agindu zieten: «Ezin zarete hemen egon». Ertzainen beste bi auto iritsi ziren ondoren, eta bi patrol ere bai. Protesta egileak identifikatzeari ekin zieten. Sendagile jantzia zutenei eskatu zieten lehenik nortasun agiria, eta sendagile-maskara kenduta aurpegia erakusteko esan zieten.

Argazkien beldur

Pankartarekin errepidearen beste aldean jarri zirenei eskatu zieten nortasun agiria ondoren, horiei ere maskarak kentzeko aginduta. Argazkilariei bortitz eskatu zieten nortasun agiria. Hari argazkirik ateratzekotan jo egingo zuela mehatxu egin zion ertzain batek argazkilari bati, eta edozein ertzainen aurpegia argitaratuta agertuko balitz salatu egingo zituztela ohartarazi zieten haien datuak hartu ondoren. Argazkiak erakutsarazi eta kendu egingo zizkietela mehatxu ere egin zieten. Kazetarien kreditazioak eta nortasun agiriak ere jaso zituzten ertzainek.

Polizia protesta egileak identifikatzen ari zen bitartean, hedabideei protestaren zergatia azaltzen ari zen buzo zuriz jantzita zegoenetako bat: «Elkartasun medikuz jantzita eta elkartasun anbulantzietan etorri gara horma hauen beste aldean bahituak dituzten gure lagun eta herritarrak direnek berehalako mediku asistentzia behar dutelako eta etxeratuak izatea behar dutelako». Dieguez, Agirre eta Foruriak «osasun tratamendu duina» behar dutela azaldu zuen, eta hala izan dadin lanean jarraituko dutela.

«Guztion artean»

Baina gaixo dauden presoek osasun asistentzia jaso dezaten horiek kaleratu ditzatela lortzeko pertsona horien senideak mobilizatzearekin ez dela aski ohartarazi zuen protesta egileak. Aurreko asteko larunbatean Bilbon presoen eskubideen alde egin zen manifestazio jendetsuan parte hartu zuten guztiei ekinean jarraitzeko eskatu zien, hargatik: «Bilbon bildutako jende andanari egiten diogun deia da hau: Juanpa, Jon eta Foruriaren lagun, senide eta hurkoak gara gaur, hona, elkartasun ekimen berezi honetara etorri garenak. Bihar beste batzuk izan zaitezten animatzen zaituztegu. Urrats berriak egin ditzagun guztion artean».

Hortaz, «herri honek duen irudimen eta kemena» baliatuta presoen eskubideen aldeko elkartasun ekimenetan parte hartzeko deia egin zuen bozeramaile aritu zen protesta egileak; «mota guztietako ekimen berezi eta ikusgarriak antolatu eta sustatzera» deia egin zuen, konpromisoak hartu eta «irudimenez antolatzeko». Izan ere, haren ustez, horrela lortuko da presoak etxeratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.