Ander Mujikaren gurasoak, anaia eta 5 urteko iloba zihoazen autoan, Bordele parean istripuan izan dutenean. Saint Martin de Re espetxea Euskal Herritik 550 kilometrora dago. Etxerat elkarteak jakinarazi du nola izan den: "Aurrean zihoan autoak ezustean balaztatu ondoren, senideen autoak arazorik gabe frenatzea lortu du, baina atzetik zetozen bi autok kolpea eman die, eta, azkenean, lau autoren arteko talka gertatu da".
Senideen elkarteak jakinarazi du ezbehar horrekin euskal preso politikoen hamalau senide eta lagunek izan dutela jada istripua espetxerako bidean edo bueltan: "Etxerat elkarteak astebururo-astebururo, 28 urte luze hauetan, euren bisita eskubidea bermatu ahal izateko sakabanaketa politikak ezartzen dituen arrisku eta kostu fisiko, psikiko eta ekonomikoei aurre egin behar dietela salatzen du. Elkarteak gogorarazi nahi du desplazamendu behartuen egoerak hamasei biktima eta 400 istriputik gorako balantze beldurgarria utzi duela, oraingoz".
Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan elkarretaratzeak iragarri ditu Etxerat-ek azken istripua salatzeko:
Iruñea: Apirilak 17, astelehena, 20:00etan, PPren egoitzaren aurrean.
Donostia: Apirilak 18, asteartea, 19:00etan, Bulebarrean, udaletxe ondoan. Bertan, elkarteko bozeramaileek deklarazioak egingo dituzte.
Bilbo: Apirilak 18, asteartea, 19:00etan, Arriagan.
Gasteiz: Apirilak 18, asteartea, 19:30ean, Andra Mari Zuriaren plazan.