Ertzaintzaren esku hiru egun inkomunikatuta eman ondoren, Urtzi Azpiroz, asteartean atxilotutako 33 urteko andoaindarra, espetxeratzeko agindu du Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. 2002an jazotako bi kale erasotan parte hartzea, debekatutako elkarretaratze batean parte hartu izana eta Segi legez kanporatutako erakundeko kide izatea leporatu dio epaileak. Edizio hau ixteko orduan ez zegoen informazio gehiago Azpirozen egoeraren inguruan.
Atxiloketarekin lotuta, haren etxeaz gain, Andoaingo hainbat eragilek erabiltzen duten lokal bat miatu zuen Ertzaintzak. Bertatik propaganda politikoa eta kartelak zein pankartak egiteko materiala eraman zuten poliziek.
Ertzaintzak astearte goizaldean atxilotu zuen Azpiroz, 2002ko gertakari batzuengatik. Ertzaintzako iturriak aipatuz, berri agentziek diote DNA proba batzuen ondorioz atxilotu dutela Azpiroz. Ertzain baten etxearen aurka lau lehergailu botatzea eta Andoaingo PSE-EEko zinegotzi baten alabaren ibilgailuan beste bat jartzea leporatu diote.
Andoainen eginiko agerraldi jendetsu batean, egun berean eginiko beste beste bi polizia operazioak salatu zituzten. Atxiloketok «Euskal Herrian abian den prozesu politikoa zapuzteko helburua» dutela salatu zuten.
Andoainen atxilotutako gaztea espetxeratzeko agindu du epaileak
2002an izandako bi kale erasotan parte hartzea eta Segiko kide izatea leporatu dio Grande-Marlaskak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu