Andoainen zinegotzien segurtasuna bermatzeko exijitu du Aresek

Normalizazioaren alde egin nahi badu ETAren amaiera eska dezala galdegin dio Aresek Ana Karrere alkateari

Erredakzioa
2011ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eskutitz bat igorri dio Ana Karrere Andoaingo alkateari (Gipuzkoa), herri horretako udaletxean zinegotzien segurtasuna bermatze aldera «beharrezkoak diren neurri guztiak» har ditzala eskatzeko. Normalizazio politikoaren alde egin nahi badu «ETAri desager dadila eskatzea eta jokabide totalitario eta faxista guztiak arbuiatzea» besterik ez duela esan dio Karrereri.

Andoaingo udaletxean bizkartzainik ez sartzea ebatzi du Karrerek, eta erabakiak erreakzio ugari eragin ditu. Iñigo Urkullu EAJko presidentearen arabera, neurri hori «beste era batera» hartu behar zen: «Ez zait zentzuzkoa iruditzen neurri horiek inorekin adostu gabe indarrean jartzea». Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzailearen irudiko, aldiz, garai politikoaren «irudikapen positiboa» da. Aintzane Ezenarro Aralarreko legebiltzarkideak ere jardun du gaiaz; Eusko Legebiltzarrean ez direla bizkartzainak sartzen ohartarazi du, eta hori «normal-normal» gertatzen dela erantsi du. Hortaz, eztabaida piztu dutenei asmo txarrez aritzea egotzi die.

PPko legebiltzarkide Laura Garridok Andoaingo alkatearen erabakia kritikatu du. Neurri horrek agerian uzten du, Garridoren iritziz, Bilduko alkateen «makurkeria». Hala, «horrelako erabakiak» har daitezen saihesteko, araudia aldatzeko eskatu du.

Bilduk «bide okerretik» hasi du erakundeetako jarduna, Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunaren iritziz. Izan ere, alkateek udaletxeetan zinegotzien segurtasuna bermatzeko betebeharra dutela adierazi du.

Alternatiba, ordea, bat dator Karrerek ebatzitakoarekin. «Garai berriaren barruan, armak erakundeetatik kanpo uzteari erabaki egokia deritzogu», esan du Oskar Matute Alternatibako eledunak. Apurka-apurka, gizartearen «desmilitarizaziorantz» egin behar dela uste du, gizarte «normalizatu eta demokratiko» bat lortzeko. Bilduko hautagai guztiek bakearen aldeko agiri bat izenpetu dutela ere oroitarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.