Udal eta foru hauteskundeak. Ondorena

Andoaingo inbestidura saioa ikertzen hasi da EAEko fiskala

Kalparsorok argudiatu du «desitxuratu» egin dela talde politikoen borondatea.Eroskeria edo mehatxuak egon daitezkeela aipatu du

EAJren udal taldeko hautetsiak, Andoaingo inbestidura saioan. A. CANELLADA / ARP.
Hodei Iruretagoiena.
2015eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Larunbateko ezustearen ondoren, soka ematen jarraitzen du oraindik Andoaingo (Gipuzkoa) inbestidura saioan gertatutakoak: Ane Karrere (EH Bildu) alkatearen izendapena ikertzen hasi da Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusia, «legez kanpoko ezer» gertatu ote den erabakitzeko. Diligentziak abiarazteko idatzian argudiatu duenez, «desitxuratu» egin da udal taldeen borondatea, ez zelako bete EAJk eta PSE-EEk aurrez adostutakoa, eta zinegotzietako inork ez duelako publikoki aitortu udal taldeko diziplina hautsi izana.

EAJk eta PSE-EEk aldundien eta udalen osaketarako egindako itunaren ondorioz, espero zen Maider Lainez sozialista izendatzea alkate. EAJren zerrendako zinegotzi Gregorio Olasagastik —independentea da—, ordea, boto zuria eman zuen, eta EH Bilduk lortu zuen alkatetza azkenean.

Hori zergatik gertatu zen jakin nahi du orain EAEko fiskal nagusiak: «Ezin da hipotesirik baztertu». Bi aukera nabarmendu ditu nagusiki. Lehena, zinegotziak berak «legez kanpoko motibazioak» eduki izana; hau da, eroskeriaz edo prebarikazioz jokatu izana. Ustelkeriari lotutako «antzeko» kasu gehiago ere izan direla gaineratu du Kalparsorok aukera hori arrazoitzeko. Boto zuria emateko erabakia «mehatxuen» ondorio izatea litzateke bigarrena. «Terrorismoak intentsitate handia izan du Andoainen», nabarmendu du fiskal nagusiak.

Hasteko, inbestidura saioko akta ikertuko du, eta udaleko idazkaria deitu du deklaratzera biharko. Espainiako Justizia ministro Rafael Catalak babestu egin du Kalparsoro,«bere zeregina» betetzen ari dela esanaz.

Karrere alkateak, aldiz, «lotsagarritzat» jo du Kalparsororen jokaera, eta salatu du hainbat komunikabide eta alderdi «benetakoa ez den irudi bat» ematen ari direla Andoainen inguruan: «Herrian ez da ikusten saltzen duten krispazio hori». Hori dela-eta, «interes politikoak» alde batera uzteko eskatu du. «Andoaindarrak oso nekatuta gaude komunikabideen jomugan egoteaz». Sortuko bozeramaile Pernando Barrenak ere gogor kritikatu du fiskalaren erabakia. Barrenaren esanetan, «erabat surrealista» da ikerketa abiarazi izana, «lekuz eta garaiz kanpokoa», eta interes politikoa dago atzean: «Ziur gaude ez zela inolako ikerketarik abiatuko alkatetza lortu duen taldea beste bat izan balitz».

EAJren Gipuzko Buru Batzarrak asteroko bilkura izango du gaur; besteak beste, Andoainen gertatua aztertuko dute. Jeltzaleek ez dute tarte handirik Olasagasti zinegotziaren aurka jotzeko; ez da alderdiko kidea, eta hari dagokio hautetsi kargua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.